Promozio mailako Buruz Buruko Txapelketan ariko da Julen Egiguren

Julene Frantzesena 2020ko aza. 11a, 10:50
Julen Egiguren artxiboko irudi batean.

Final-laurdenetatik hasiko da txapelketa asteburuan. Egiguren V.ak Eibarren izango du lehen neurketa hori, Urretabizkaia II.aren kontra. Irabazlea finalerdietara sailkatuko da. Txapelketako finala azaroaren 28an izango da.

Julen Egiguren Egiguren V.a pilotari azpeitiarrak asteburuan hasiko den Promozio mailako Buruz Buruko Txapelketan parte hartuko du. Final-laurdenetatik hasiko da txapelketa, eta igandean Eibarren izango du lehen neurketa hori Egiguren V.ak, Urretabizkaia II.aren kontra –jaialdiko hirugarren partida izango da–.

Orotara, zortzi pilotarik parte hartuko dute bigarren mailako txapelketan: Egiguren V.az gain, Erasun, Urretabizkaia, Aranguren, Arteaga II.a, Elordi, Zabala eta Salaberria ariko dira nor baino nor. Lau pilotari dira Aspekoak eta lau Baikokoak. Egiguren V.aren eta Urretabizkaiaren arteko partidako garaileak Elordiren eta Arangurenen arteko neurketako irabazlearen aurka jokatuko du finalerdietan.

Asteburuko honetako final-laurdenetatik lau pilotari igaroko dira finalerdietara, eta finalaren atariko bi partidak hurrengo asteburuan izango dira. Finala, berriz, azaroaren 28an jokatuko dute. Oraindik ez dute zehaztu finalerdiak eta finala zein herritako pilotalekuetan jokatuko dituzten: "Egungo egoera dela eta, astez aste erabakiko dugu", azaldu dute txapelketaren antolatzaileek. Gainera, txapelketa ikuslerik gabe egingo dutela barneratuta dutela azaldu zuten horiek, nahiz eta koronabirusaren osasun krisialdiaren garapena ikusi behar bada ere.

Txapelketarako araudia ere zehaztu dute, eta besteak beste, ez dute partidarik atzeratuko; horrenbestez, finalistaren batek ezin badu partida jokatu, finalerdietako neurketa galdu zuen baina tanto gehien egin zituen kirolariak eskuratuko du finalerako txartela. Sei koadro eta erdian jokatuko dituzte txapelketako partidak, eta bi pilotariak enpresa desberdinetakoak diren neurketetan laguntzailea izango dute pilotariek.

Iaz ere parte hartu zuen txapelketan Egiguren V.ak, baita Jon Alberdik ere. Egigurenek ezin izan zuen finalerdietatik pasatu, baina Alberdik finalerako txartela eskuratu zuen. Dena den, hark galdu egin zuen Jon Ander Peñaren kontrako finala.