Koronabirusa Azpeitian

Maitane Dominguez: "Jai izanda ere lanera joatea tokatu zaigu azken asteotan"

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 11a, 10:29

PCRak egiten ibili zen aurrena Dominguez (Azpeitia, 1998), negatiboei hots egiten gero, eta positiboen arrastoari segika dabil azkenaldian, Eibarko ospitalean.

Berez fisioterapeuta zara, baina Osakidetzako aztarnari lanetan zabiltza. Nola sortu zitzaizun aukera?

Ekainean amaitu nituen fisioterapia ikasketak. Aurreko ikasturte guztian praktikak egiten aritu nintzen han eta hemen, eta bi hilabetez egokitu zitzaidan Eibarko ospitalean jardutea. Hango txanda amaitzear nengoela, pentsatu nuen badaezpada nire datuak uztea, badakit Osakidetzan aritzeko beharrezkoa dela oposaketak egitea baina… Uztailean deitu egin zidaten, eta galdetu zidaten ea prest nengoen PCRak egiten laguntzera joateko. Larrialdi egoera honetan laguntzeko asmoz, baiezkoa eman nien, eta hurrengo egunean bertan hasi nintzen lanean, Eibarko ospitale berrian.

Aurrena PCRak egiten ibili zinen, beraz…

Bai, hasiera batean horretarako deitu zidaten, baina denbora gutxian jardun nintzen horretan, pare bat astean edo; gero, berriak ginenok gora pasa gintuzten, telefono deiak egiten diren gunera, eta han jarraitzen dut oraindik.

Zehazki zer egiten duzu?

Deiak egiteko gunean, bi lan egiten ditugu: lankide batzuk negatibo eman duten herritarrei deitzeaz arduratzen dira, eta besteak, positiboei deitu eta haien arrastoa segitzeaz. Hasieran, negatiboen partean jardun nuen. Jakinarazten nien proban negatibo eman zutela eta txanda ematen nien bigarren PCRa egiteko; edo bigarren PCRa egindakoen kasuan, esaten nien bizitza normala egiten has zitezkeela. Azkenaldian, ordea, positiboekin ari naiz lanean, aztarnari bezala. Aurrena, jakinarazten diet positibo eman dutela; gehienak deiaren zain egoten dira, aurrez mezua jasotzen dutelako. Gero, protokolo eta neurriei buruzko azalpenak ematen dizkiet, eta azkenik, kontaktu zuzenei buruz galdetzen diet, haiek isolatzeko helburuarekin.

Positibo baten kontaktu zuzenak identifikatzeko zer hartzen duzue kontuan? Nola osatzen dituzue kate horiek?

Kontaktu zuzen moduan hartzen ditugu positibo eman dutenarekin bi metro baino gutxiagora, hamabost minutu baino gehiagoz eta maskararik gabe edo maskara noizean behin kenduz egon direnak. Horretaz gain, kontuan izaten dugu leku itxian edo irekian egon diren, itxia izatekotan aireztapenik dagoen, eta zer tamainatako lekua den. Sintomadun positiboen kasuan, sintomak hasi aurreko bi egunak hartzen ditugu kontuan; eta sintomarik ez dutenen kasuan, proba egin aurreko bi egunak.

Irizpide horiek kontuan izanda, zeuek erabakitzen duzue kontaktu bat zuzena den ala ez?

Bai, kontatzen digutenaren arabera geuk erabaki behar izaten dugu nortzuk diren positibo baten kontaktu zuzenak.

Orduan dezenteko ardura daukazue zeuen gain…

Bai. Kasu batzuk oso argiak izaten dira, baina beste batzuetan ez da izaten erabaki erraza.

Momentuan bertan eman behar izaten al dizkizuete kontaktuen izen-abizenak eta telefonoak?

Batzuek prest izaten dute kontaktuen zerrenda, eta beste batzuei denbora pixka bat ematen diegu prestatzeko, eta beranduxeago deitzen diegu berriz.

Positibo baten jarraipena zeuk egiten al duzu hasieratik bukaerara?

Nik deitu diodan positibo baten kontaktu zuzenei ere nik hots egiten diet banan-banan. Behin hori egindakoan, PCRa egin behar dutenen zerrendan sartzen ditugu, eta beste lankide batek deitzen die proba egiteko hitzordua emateko. Gero, emaitzaren arabera, negatiboen zerrendan edo positiboenean sartuko dira.

Jendeak, oro har, nolako jarrera du? Laguntzen dizuete zuen lana behar bezala egiten?

Denetariko jendea dago. Batzuk haserretu egiten dira edo negarrez hasten dira edo oso urduri jartzen dira; baina, oro har, gure egoera ulertzen dute, badakite lanean ari garela, eta gehienak laguntzeko prest azaltzen dira. Barretxo bat ateratzen digun jendea ere suertatzen zaigu noizean behin.

Tokatu al zaizu norbaitek gaizki hartzea zure deia?

Bai. Uste dut guztioi tokatu zaigula batere errurik izan gabe norbaiten hitz desegokiak entzutea. Batzuetan ulergarria izan daiteke, etxean egun asko daramatzan jendea dagoelako.

Azken asteetan positiboen kopurua asko hazi da. Zuen lan kargan antzematen al da hori?

Bai, jai izanda ere lanera joatea tokatu izan zaigu azken asteotan. Beti modu boluntarioan, eta inoiz ez derrigortuta, baina joan gara. Zentzu horretan, izugarrizko inplikazioa erakutsi du lantaldeak, beti egon delako norbait prest lanera joateko eta laguntza eskaintzeko.

Zenbat ordu sartzen dituzu egunean? Eta zenbat dei egiten dituzu?

Astean zehar, zazpi orduz aritzen gara lanean, 08:00etatik 15:00etara. Asteburuetan, aldiz, hamabi orduko lanaldiak egiten ditugu, 08:00etatik 20:00etara. Ahalik eta dei gehien egiten saiatzen gara; zenbat eta gehiago, orduan eta hobe, jendea zain egoten baita.

Zenbat laguneko lantaldea zaudete Eibarren? Eta zer profiletako jendeak osatzen duzue talde hori?

Orain hemezortzi lagun ari gara, gehienak gazteak, baina badaude helduagoak ere, eta fisioterapeutak, erizainak eta gizarte langileak gara.

Zer moduzko esperientzia izaten ari da?

Gustura nago, lan pila bat egiten dugu, baina oso betegarria eta pozgarria da jakitea horrelako egoera batean laguntzen ari zarela. Gainera, oso harro nago egiten ari garen lanarekin; talde bikaina daukat nire ondoan eta gogor aritzen gara guztiok hau guztia aurrera ateratzeko. Plazera da beraien ondoan lan egitea.