Euskaraldia 2020

1.012 azpeitiarrek eman dute izena oraingoz Euskaraldian

Andoni Elduaien 2020ko aza. 10a, 15:42

Azaroaren 19ra arteko epea dago 'ahobizi' edo 'belarriprest' rola aukeratu eta ariketa sozialean izena emateko. Oraingoz 1.012 azpeitiarrek eman dute izena.

Euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da Euskaraldia, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da ariketa aurten, eta norbanako bezala – 'ahobizi' edo 'belarriprest' izanez– parte hartzeko aukeraz gain, taldean parte hartzeko aukera ere izango dugu arigune rolaren bidez.

Azpeitian, gaur-gaurkoz, 1.012 herritarrek eman dute izena Euskaraldian. 983 azpeitiarrek 'ahobizi' rola hautatu dute, eta 29 herritarrek 'belarriprest' rola. Azaroaren 19ra arteko epea dago bi roletako bat hautatu eta Euskaraldian parte hartzeko. Euskaraldiaren webgunean bete daiteke izena emateko formularioa. Euskaraldiaren lehen edizioan 2.814 lagunek eman zuten izena Azpeitian.