Sustapen ekonomikoari lotuta, 102 dirulaguntza eskaera jaso ditu Azpeitiko Udalak

Ihintza Elustondo 2020ko aza. 10a, 10:50

Egungo krisi ekonomiko eta soziosanitarioak lan munduan sortu dituen beharrei erantzuteko, udalak 475.000 euroko diru poltsa bideratu du laguntzetara. Guztira, 102 eskaera jaso ditu erakundeak, eta datozen asteetan Ekonomia batzordean aztertuko dituzte.

Azpeitiko Udalak sustapen ekonomikorako laguntzen deialdia egin zuen udaberrian. Erakundearen arabera, egungo krisi ekonomiko eta soziosanitarioak "ezjakintasuna eta ezegonkortasuna" sortu ditu, eta horrek eragin zuzena du herritarrengan eta eragile soziosanitarioengan. Egoera horren aurrean, sortutako beharrei erantzuteko asmoz, baliabide materialak eta dirulaguntza lerroak jartzeari ekin zion udalak. Bide horretan, Ekonomiaren Sustapenerako Plan Integrala onartu zuten  maiatzaren 23an: 11 lan lerro eta 1,7 milioi euro jarri zituen erakundeak plan horretarako; horietatik 475.000 euro lan munduari bultzada ematera bideratu dituzte. Urriaren 30ean bukatu zen eskaerak egiteko epea, eta 102 eskaera jaso dituzte guztira.

475.000 euroko laguntzen deialdiak lau lerro ditu: merkataritza eta lehen sektorea laguntzeko 175.000 euro jarri ziren, industria proiektu estrategikoak bultzatzeko 160.000 euro, ekintzaileen proiektuak bideratzeko 65.000 euro eta langabeziari aurre egiteko aurten bereziki sortutako kontratazioetarako 75.000 euro.

Merkataritzako eta lehen sektoreko lerroari dagokionez, 33 eskaera izan dira; industria proiektu estrategikoen kasuan, 26; ekintzailetzarako hamazazpi proiektu aurkeztu dituzte; eta kontratazioak laguntzeko, 26. Azpeitiko Udalak datozen asteetan Ekonomia batzordean aztertuko ditu eskaerak  eta laguntzak esleituko ditu.