Koronabirusa Azpeitian

Ostiraletik igandera 37 positibo baieztatu dituzte herrian

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 9a, 13:45

Joan den asteburuan baino sei kasu gehiago atzeman dituzte, baina duela bi asteburu baino 22 gutxiago. Intzidentzia tasa jaisten ari da: urriaren 30ean 100.000 biztanleko 1.700eko langa gainditu zuen, eta 1.222,19koa da egun.

Ostiralaz geroztik, 37 positibo zenbatu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak herrian: ostiralean hamahiru, larunbatean bi eta igandean 22. Joan den asteburuan erdietsitako datuaren antzerakoa da —31 izan ziren orduan— eta duela bi asteburukoa baino hobea —59 izan ziren orduan—. Intzidentzia tasan ere nabari da jaitsiera hori. Urriaren 30ean 1.700eko langa gainditu zuen 100.000 biztanleko hamalau eguneko positibo metatuen tasak. Osasun Sailak gaur egurdian kaleratu dituen datuen arabera, orain 1.222,19koa da tasa hori. Oso altua da oraindik ere, baina azken egunetan apaltzera egin du.   

Eskualdean, berriz, orotara 154 kasu baieztatu dituzte ostiralaz geroztik, eta 11 herrietatik bederatzitan detektatu dituzte positiboak; Aian eta Beizaman ez ezik, beste udalerri guztietan.

Zarautzen zenbatu dituzte kasu gehien: 49 guztira (hogei ostiralean, bederatzi larunbatean eta beste hogei igandean). 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu positibo metatuen tasak milatik behera jarraitzen du –836,87an dago gaur egun–, baina azken aste honetan gorantz egin du etengabe, eta argi gorriak piztuta daude. Hala ere, egoera kezkagarriagoa dute Azkoitian: beste hogei positiborekin, 1.292,85eko intzidentzia tasa dute han.

Orion egoerak nabarmen egin du okerrera asteburuan: hiru egunetan hemeretzi kasu detektatu dituzte herrian eta, ondorioz, kasu metatuen tasa milatik hurbil jarri da (940,44). Zumaian, berriz, beste hamabi kasu izan dira azken egunotan, eta 1.343,51rekin eskualdeko intzidentzia tasa handiena badu ere —Errezilen atzetik—, jaitsi egin da azken egunotan. Tasa hori bi milatik oso hurbil egon zen orain astebete eskas. 

Eskualdeko beste herri batzuetan ere izan dituzte positiboak. Getarian beste zazpi kasu izan dituzte ostiraletik igandera bitartean, sei Zestoan, hiru Errezilen eta bat Aizarnazabalen. Esan bezala, Aian eta Beizaman ez dute kasurik izan hiru egun horietan.

Kasuak behera Hego Euskal Herrian

Pasa den asteko zenbakiekin alderatuta, positiboen kopuruak beherantz doa Hego Euskal Herrian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 3.867 kasu izan dira asteburuan. Ostiralean 1.444 positibo izan ziren, baina kopurua bi egun geroago 1.178ra jaitsi zen. Hiru egun hauetan 38.000tik gora PCR eta antigeno proba egin dira hiru lurralde hauetan. Datu hauen arabera, 508 pertsona zeuden atzo Osakidetzako ospitaletako plantan. Gora egiten jarraitzen duena ZIUn dauden pazienteen kopurua da: 130 lagun zeuden atzo ZIUn Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Nafarroako Foru Gobernuak ez du oraindik asteburuko datu ofizialik plazaratu, baina atzo 183 kasu positibo izan zirela aurreratu dute. Irailaren hasieratik izandako kopuru txikiena da. Beraz, badute Nafarroan arnasa hartzeko aukera.