Oihana Orbegozo Binakako Txapelketako finalerdietara sailkatu da

Julene Frantzesena 2020ko aza. 8a, 18:37
Orbegozo eta Aldai, gaur Legution. (Emakume Master Cup)

Amaia Aldai bikote zuela jokatu du txapelketako lehen partida gaur, Legution, eta 22 eta 20 nagusitu dira horiek, Larrarteren eta Bergararen kontra. Abenduaren 6an jokatuko dute finalerdia, eta Olatz Arrizabalaga eta Gentzane Aldai izango dituzte parez pare.

Oihana Orbegozo pilotari azpeitiarra Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketako finalerdietan izango da. Gaur, igandea, jokatu du lehiako lehen neurketa Legution (Araba), Amaia Aldai bikote zuela, eta norgehiagoka irabazita, abenduaren 6ko finalerdirako txartela eskuratu dute.

Txapelketako B taldeko partida jokatu dute Aldaik eta Orbegozok, Miren Larrartek eta Arrate Bergarak osatutako bikotearen kontra, eta lehia zinez estua izan da. Azken tantoa izan zitekeenera, 21 eta 16 iritsi dira Aldai eta Orbegozo, baina ia-ia partida berdindu dute Larrartek eta Bergarak. Izan ere, 22 eta 20 bukatu da partida.

Finalerdian Olatz Arrizabalaga eta Gentzane Aldai izango dituzte aurrez aurre Aldaik eta Orbegozok, eta bigarren finalaurrekoa, berriz, Patri Espinarrek eta Naroa Agirrek jokatuko dute, Ainhoa Ruiz de Infanteren eta Miriam Arrillagaren aurka. Bi partidak irabazten dituzten bikoteak izango dira aurrez aurre txapelketaren aurtengo finalean.