Manifestazioa egin dute "askatasun politikoen eta eskubide zibilen defentsan"

Maialen Etxaniz 2020ko aza. 8a, 09:52

Urola Erdiko GKSk deituta, manifestazioa egin zuten atzo Azpeitiko kaleetan, "burgesiaren zuzeneko diktaduraren" kontra. Azken aldian ezarri dituzten neurri murriztaileek "osasuna babesteko aitzakipean", herritarren oinarrizko eskubideak urratzen dituztela salatu zuten. Horren aurrean, "antolakuntza komunista" aldarrikatu zuten. 

Burgesiaren ofentsiba gelditu lelopean, manifestazioa egin zuten atzo arratsaldean Azpeitiko kaleetatik, Urola Erdiko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) deituta. Hasiera batean elkarretaratzea egitekoak ziren arren, atzo goizean jakinarazi zuten manifestazioa zela arratsaldean egingo zutena. "Oligarkia finantzieroaren, politikari profesionalen eta enpresari handien diktadura" gelditzeko eskatu eta "askatasun kolektiboak borrokatzeko" aldarrikatu zuten atzoko mobilizazioan. 

GKSk deituta, "oinarrizko eskubide zibilen eta askatasun politikoen defentsan" atera ziren kalera atzo, bigarren astez jarraian, eta salatu zuten azken boladan pandemia kudeatzeko agintariak hartzen ari diren neurriek "interes zehatzak, burgesiaren interesak" defendatzen dituztela. "Gero eta argiago geratzen ari da azkenaldiko neurri horien helburua ez dela pandemia ezabatzea, baizik eta bere hastapenetan dagoen zibilizazio totalitario baterako baldintzak jartzea dela. Gauza bat da pandemiari aurre egiteko osasun-neurriak hartzea, eta beste gauza bat da arbitrarioki jendartea oinarrizko askatasunik gabe uztea, etxeratze agindua bezalako neurriak inposatzea, mugikortasun askerako eskubidea kolpetik ezabatzea, kaleak militarizatzea eta polizia-abusuak handitzea,  kontrol sozialerako puntako teknologia ezartzea, zuzenbide-estatua ahultzen joatea eta berme juridikoak ezabatzea, osasungintza publikoa jendartearen urgentziazko egoerak kudeatzera mugatzea, elite finantzarioaren mesedetako politika monetario eta fiskal agresiboak ezartzea eta abar luze bat", adierazi zuten GKSko kideek. 

Era berean, alderdi politiko instituzionalen "ezintasun politikoa eta kritikotasun eza" salatu zituzten: "Hartu duten posizionamenduarekin, alderdi politiko guztiak kapital finantzarioaren eta enpresari handien bandoan kokatzen ari dira, eta ez dute inolako funtzio askatzailerik betetzen biztanleriaren gehiengo xumearentzako. Ez dira gai elite finantzarioari inolako botere-kuotarik kentzeko, ezta oposizio errealik planteatzeko ere instituzio mailan. Gauzak gero eta garbiago geratzen ari dira: hemen dirua jartzen duenak agintzen du, eta gainontzeko guztia, alderdi politikoak barne, inperio horren menpekoa da".

Adierazi zuten "neurri totalitario" horien aurrean, eurek "antolakuntza komunista" aldarrikatzen dutela bizitzako esparru guztietarako. Era berean, borrokatzearen garrantzia azpimarratu zuten: "Gizarte kapitalistak giza espeziearen dekandentzia dakar, gutxi batzuen ongizatea gehiengoaren askatasun ezaren kontura eraikitzea ekartzen duena. Oraina borrokatu ezean, ez guk eta ezta datozen belaunaldi berriek ere ez dute berdintasunean eta askatasun kolektiboan oinarritutako bizi ereduaz gozatzeko inolako aukerarik izango. Borrokatu ditzagun, beraz, askatasun kolektiboak, eta antolatu gaitezen gaurdanik horren alde".

(Argazkiak: Urola Erdiko GKS)