Koronabirusa Azpeitian

Ostalaritza guneen itxierak kalera atera ditu herritarrak

Julene Frantzesena 2020ko aza. 7a, 18:01
Herritar ugari

Gaurtik indarrean dira Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren hedapenari aurre egiteko hartu berri dituen neurri murriztaileak; besteak beste, ostalaritza gune oro ixtea agindu du. Neurri horrekin desados, ostalari eta herritar hainbatek elkarretaratzea egin dute plazan.

Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak (AZTE) deituta, herriko jatetxeetako, kafetegietako nahiz tabernetako kideek nahiz hainbat herritarrek elkarretaratzea egin dute gaur, zapatua, SOS ostalaritza lelopean.

17:00etarako hainbat herritar zegoen plazan, eta hiru ostalarik zabaldu dute pankarta. Ordu laurdeneko protesta isila gauzatu dute, eta txalo zaparrada batekin amaitu dute kontzentrazioa.

Ostalaritza guneen itxiera salatzeko eta egoerarekiko duten kezka agertzeko, herri guztiko hainbat ostalari elkartu dira plazan, eta beste hainbat eta hainbat herritar joan dira haiei babesa agertzera.

Eusko Jaurlaritzak hainbat neurri murriztaile hartu ditu COVID-19aren zabalkundea gelditzeko asmoz, eta gaurtik indarrean dira horiek. Neurrien artean da, ostalaritza gune oro ixtea, eta erabaki hori tarteko bizi duten egoera dela-eta deitu dute kontzentrazioa Alde Zaharreko tabernariek.