Egitea eta desegitea eguneroko bilakatzen denean

Julene Frantzesena 2020ko aza. 9a, 09:30
Belako taldeak uztailean eskaini zuen kontzertuko irudia.

Garai zailak bizi ditu kulturgintzak. Pandemiaren erdian, kultur ekitaldiak programatzea ez da lan erraza izaten ari. Izan ere, emanaldiak atzeratzea edo bertan behera uztea eguneroko jardunaren parte dira garaiotan. Kulturaz kooperatibak eskaintzari eusten jarraitzen du, herritarrei kulturaz gozatzeko aukera ematen.

Aldaketak eta ziurgabetasuna. Horiexek dira koronabirusaren pandemiak kultur programazioari eragin dizkion sintomak. Egun eta ordu aldaketak, emanaldiak bertan behera utzi beharra, egoerara moldatzen ikastea; kulturgintzak (ere) ez du egoera samurra bizi.

Kultur jarduna eten ez duen eragileetako bat da Azpeitiko Kulturaz kooperatiba. Konfinamendua bukatu zenetik, askotariko kultur emanaldiak egin dira herrian, bai Sanagustin kulturgunean, bai Dinamoa sormen gunean, bai Soreasu antzokian. Hala eta guztiz, egoerara egokitu behar izan dituzte horiek azken hilabeteetan, erakundeetatik etorritako neurrien tamainara.

Ekainean hasi zen kooperatiba emanaldiak antolatzen. Hango kultur programatzaile Eusebio Belokik (Azpeitia, 1970) adierazi duenez, "aukera zegoelako" hasi ziren ekitaldiak programatzen. Uda ondorenera arteko ekitaldiei tamaina hartua ziotenean, baina, aldaketa gehiago etorri ziren: pandemiaren bilakaera ikusita, hainbat neurri murriztaile berri ezarri zituen Eusko Jaurlaritzak. "Pertsona kopuruari lotutako aldaketak, taberna itxita kultur ekitaldietan, protoloak zorrotz bete, ordutegi aldaketak... Hiru aldiz lan gehiago egiten dugu, baina egin beharra dago aurrera egin nahi bada", adierazi du.

Lana hirukoiztearen arrazoiak hainbat dira; izan ere, aurrez jarritako hitzorduetan aldaketak egin beharra nahiz emanaldiak bertan behera uztea eguneroko ogi bilakatu zaizkie. "Bertan behera gelditu dira kanpoko taldeen kontzertuak; izan ere, ezin izan dute etorri edo koronabirus kasuak izan dira taldekideen artean". Horrek ziurgabetasun egoera sortzen duela aitortu du: "Produkzio lana egiten dugu, baina azken unera arte ez dugu jakiten ekitaldia egingo den edo ez. Dena den, hori barneratuta daukagu, den bezalakoa delako egoera".

Belokiren arabera, "nekagarri samarra" da egoera: "Egin eta desegin, egin eta desegin ari gara, eguna joan eta eguna etorri. Baina garbi daukagu atzera ez dugula egingo, ahal den bitartean aurrera jo behar dugula". Horretan herritarren erantzunak laguntzen diela aitortu du azpeitiarrak, horiek kultur ekitaldietara joateko hautua egin dutelako: "Sorpresa handia izan da. Lehen kultur ekitaldietara joaten ez zen jendea ere ari da bertaratzen, eta horretan izan du eragina egoerak; jendeari kultura kontsumitzeko gogoa piztu zaio".

Hala eta guztiz, azken asteetan sarreren salmenta pixka bat "frenatu" egin dela azaldu du, ziurgabetasun egoerak bultzatuta haren arabera. Dena den, egoerak behartuta atzeratu dituzten ekitaldien kasuan ere jendeak "oso ondo" erantzun duela aitortu du: "Herritarrek ulertzen dute zein den egoera, eta guk ahalik eta zerbitzu onena eskaini nahi diegu horren aurrean: zalantzak argitzen dizkiegu, sarreren dirua itzultzea nahi badute hala egiten diegu... Arazo handirik ez zaigu sortu, egia esan".

Egoerak, ordea, kezka sortzen diola ezin du ezkutatu azpeitiarrak: "Kultura behea jota dago. Kultur eragileak eta sortzaileak, denok egoera berean gaude. Beste hainbat arlotan bezala kulturak kate handi bat du inguruan. Kultur ekitaldirik ez badago, ez dago teknikaririk, ostalaritza zerbitzurik, garraiorik... Albo kalte ugari eragiten ditu kultura gelditzeak, beste edozein arlok bezalaxe. Kultura huskeriatzat hartu izan da, baina uste baino eragin gehiago du beste sektore batzuetan".

Kulturazeko kideak ez du oso argi egoerak noiz egingo duen "normaltzera", baina bien bitartean, uzten dieten artean, lanean segituko dutela esan du. "2022 bukaerara arte, behintzat, ez dut uste egoera bere onera itzuliko denik, egoera berezian biziko gara ordura arte gutxienez, beraz, egoerara egokitzen segitu beharko dugu. Honekin bizitzen ikasi beharko dugu, egunean egunekoa eginda".