Koronabirusa Azpeitian

638 positibo detektatu dituzte Gipuzkoan azken orduetan

IƱigo Gaiton 2020ko aza. 7a, 15:13

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bezperan baino kasu gehiago detektatu dituzte, testu gutxiago egin arren. Hego Euskal Herrian, berriz, 1.891 kasu berri atzeman dituzte; testa gauzatu duten herritarren %7,7k eman du positibo.

Osakidetzak emandako datuen arabera, izurriteak datu gordinak eragiten jarraitzen du Hego Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzak hartutako azken segurtasun neurriak gaur sartu dira indarrean, eta atzoko datuak gaur plazaratu dituzte Jaurlaritzak nahiz Nafarroako Gobernuak. Hego Euskal Herrian, orotara, 1.891 kasu berri detektatu dituzte; testa gauzatutako herritarren %7,7k eman dute positibo.

Ohi bezala, asteburua izanik, ez dituzte herrietako datuak eman, baina lurraldeetakoak bai. Hala, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.445 positibo detektatu ditu Osakidetzak, 12.618 test egin eta gero. Aurreko asteburuarekin konparatuta, positiboek goranzko joerari eusten diote. Bezperarekin konparatuz ere gora egin du positibo kopuruak, test gutxiago egin arren: 1.227 kasu detektatu zituzten herenegun, 14.937 proba egin eta gero.

Gipuzkoan positiboen kopurua pixka bat jaitsi den arren, egoerak zaila izaten jarraitzen du: 638 dira azken orduetan atzemandako kasuak –herenegun 665 izan ziren–, eta %11,45 da lurralde horretako positibotasun tasa. Araban, berriz, 155 kasu zenbatu dituzte, eta 641 Bizkaian.

Bestalde, atzo COVID-19ak jotako 84 pertsona ospitaleratu zituzten hiru lurraldeetako erietxeetan, eta gaur-gaurkoz, 119 pertsona daude ZIUetan.

Nafarroako egoera hobera

Dagoeneko bi aste pasatu dira Nafarroan izurritearen kontrako neurri murriztaile zorrotzagoak ezarri zituztenetik, eta datuetan ikusten da haien eragina; izan ere, kasuen hazkundea motelagoa ari da izaten azken egunotan. Zehazki, Osasunbideak 344 positibo atzeman zituen atzo egindako probetan, bezperan baino 75 gutxiago. Hori dela eta, positiboen portzentajeak ez du %10a gainditu hirugarren egunez jarraian.

Ospitaleetako datuei dagokienez, hemeretzi lagun ospitaleratu zituzten atzo gaitzak jota Nafarroan, eta denera, 53 pertsona daude lurralde horretako ospitaleetako ZIUetan ingresatuta.