Euskaraldia 2020

Bihar ere egongo da Euskaraldian izena emateko aukera

Maialen Etxaniz 2020ko aza. 6a, 19:56

Euskaraldian izena emateko mahaia jarri dute gaur, ostirala, plazan. Bihar ere jarriko dute izena emateko postua, 11:00etatik 13:00etara. 

Azken txanpan sartu da bigarren Euskaraldian parte hartu nahi duten norbanakoen izen-ematea. Hain zuzen ere, azaroaren 19ra arte eman dezakete izena ahobizi edo belarriprest rola aukeratu, eta euskararen erabilera sustatzeko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozialean parte hartu nahi duten herritarrek. Azpeitian gaur, ostiralez, jarri dute izena emateko mahaia 18:00etatik 20:00etara plazan. Herritar ugarik eman dute izena. Bihar ere egongo da Euskaraldiaren bigarren edizioan izena emateko aukera, 11:00etatik 13:00etara, plazan. 

Irailaren 24an zabaldu zuten Euskaraldian ahobizi edo belarriprest modura izena emateko epea eta dagoeneko Euskal Herriko lurralde guztietako 70.000 bat herritarrek egin dute bat egitasmoarekin. Antolatzaileek emandako datuen arabera, orain arte izena eman dutenen artean %20k lehen edizioan ez zuen parte hartu.

Euskaraldian izena eman nahi dutenek aukera bat baino gehiago dute horretarako hilaren 19a bitartean. Interneten, euskaraldia.eus webgunean eman daiteke izena; telefono mugikorretarako (Android zein IOS sistemadun gailuetarako) sortu den aplikazio berriaren bidez ere egin daiteke izen-ematea.

Azaroaren 20tik abenduaren 3ra, hamabost egun iraungo ditu aurtengo Euskaraldiak.