Euskaraldia 2020

Euskaraldian 'belarriprest' izateko zalantzan dauden herritarrei ariketan parte hartzeko deia egin diete

Andoni Elduaien 2020ko aza. 7a, 08:30

Euskaraldian belarriprest izango diren herritarren garrantzia azpimarratu zuten atzo Bilbon egindako aurkezpenean. Era berean, Euskaraldia "ikusgarri" egiteko deia egin zuten.

Euskaraldia hasteko bi aste falta direla, ariketa soziala antolatzen ari diren zenbait erakundetako ordezkariek oraindik izena eman ez duten herritarrei parte hartzeko deia egin zieten atzo, ostirala, Bilbon. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo da hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskararen erabilera areagotzeko Euskaraldia ariketa soziala, eta ariketa horretan belarriprest izango diren herritarren garrantzia azpimarratu zuten aurkezpenean.

Euskaraldia "ikusgarri" egiteko deia ere egin zuten antolatzaileek. Rola adierazteko txapak banatuko dituzte herriz herri, eta ariguneak ere identifikatuko dira, euskarri fisikoak erabilita zein telefono aplikazioan geolokalizatuta. Horrez gain, leihoetan, balkoietan eta erakusleihoetan Euskaraldiko ikurrak eta banderak jartzeko proposamena egin zieten herritarrei.

Herritarren eguneroko harremanetan hizkuntza inertziak astindu eta euskararen erabilera areagotzea da Euskaraldiaren helburu nagusia. Harreman horiek, "COVID-19aren eraginagatik mugatuta eta "baldintzatuta" egon arren, egunerokoak izaten jarraitzen dutela esan zuten. "Kalean presentzia gutxiago izango dugun arren, posible da hurbileko harreman sareetan hizkuntza-ohiturak aldatzea, eta Euskaraldia egin egingo da", azpimarratu zuten Bilbon. 

Era berean, pandemiak eragindako egoeran arlo digitalak herritarren arteko harremanetan hartu duen "garrantzia handitu" egin dela aintzat hartuta, hurrengo asteotan sarean eta gailuen arteko komunikazioan ahobizi edo belarriprest aritzeko gomendioak eta jarraibideak zabalduko dituztela iragarri zuten ekimenaren sustatzaileek.

Euskal Herri osoko 421 udalerritan egingo da Euskaraldia aurten, eta 25.000 arigunetik gora osatu dira 6.800 entitatetan. Hori horrela izanda, ariketa egiteko "oinarri sendoa" dagoela adierazi zuten antolatzaileek. Ariketa izango den hamabost egunetan, etxean, lanean, merkataritzan zein eremu digitaleko harremanetan "aldaketak" egiteko, Euskaraldia "baliagarria" izango dela nabarmendu zuten.

Deia, 'belarriprest'-ei

Euskaraldian izena emateko epea oraindik ere zabalik dagoela ohartarazi zuten antolatzaileek, eta, bereziki, belarriprest izan ala ez zalantzan dauden herritarrei luzatu zieten izena emateko proposamena. Izan ere, momentuz aktibatu diren herritarren gehiengoak ahobizi izatea erabaki duela jakinarazi zuten. Ariketa egiteko modua adierazten duten bi rolak "beharrezkoak" zirela esan zuten, antolatzaileen esanetan, "taldean euskara gehiago" erabiltzeko. 

Lehen edizioko emaitzek azaleratu zutenez, belarriprest moduan parte hartu zutenek ariketa egin aurretik baino jokaera aktiboagoa izan zuten gerora euskararekiko. Beraz, belarriprestrolak norberaren zein ingurukoen hizkuntza-ohiturak aldatzen "laguntzen" duela azpimarratu zuten, euskaraz "gehiagotan" egiteaz gain, ingurukoei horrela aritzeko "gonbidapena" egiten baitiete belarriprest direnek.

Izena emateko moduak

Ahobizi edo belarriprest izateko, Euskaraldiko webgunean eman daiteke izena, baina baita herrietako batzordeak antolatzen ari diren informazio eta izen-emate guneetan ere. Azpeitian, esaterako, atzo jarri zuten mahaia herriko plazan; eta gaur, larunbata, jarriko dute berriz 11:00etatik 13:00etara. Aukera horiez gain, telefono mugikorretarako sortu den aplikazioa ere erabili daiteke izena emateko.