Miel Anjel Elustondo da Rikardo Arregi sariketako finalistetako bat

Mailo Oiarzabal 2020ko aza. 6a, 15:30
Miel Anjel Elustondo.

Berria egunkarian argitaratutako Tonban ehortzirik testu sortarengatik izendatu dute kazetari eta idazle azpeitiarra, Kazetaritza sarirako. Azaroaren 26an jakinaraziko dituzte irabazleak.

Andoaingo Udalak gaur jakinarazi ditu 2020ko Rikardo Arregi sarietako finalistak. Kazetaritza saria eta Komunikazio saria banatuko ditu aurten sariketak, 9.000 euroko sari bana, hain zuzen, eta guztira zortzi finalista izendatu ditu epaimahaiak, sari bakoitzerako lau. Kazetaritza sarirako hautagaien artean dago Miel Anjel Elustondo kazetari eta idazle azpeitiarra; Berria egunkarian argitaratutako Tonban ehortzirik testu sortarengatik izendatu dute sarirako Uztarriaren kolaboratzailea. Iaz ere sari bererako hautagai izan zen Elustondo, Berrian argitaratutako Zozoen elean elkarrizketa sorta tarteko.

Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioko Arantxa Artza eta Felix Zubia eta Albiste Faktoria saioko lantaldea, eta BerriaKoronabirusaren azken datuak atalaz arduratzen den lantaldea dira aurten Rikardo Arregi Kazetaritza saria jasotzeko izendatu dituzten beste hiru hautagaiak. Komunikazio sarirako, berriz, lau finalista hauek izendatu dituzte: Codesyntaxen Egunean Behin jokoa, Ene Kantak proiektua, Arteman enpresa –Lur eta Amets filmaren komunikazio prozesuarengatik–, eta Mendiak eta Herriak elkartea eta Et Incarnatus Orkestra, Urmuga proiektuaren espotarengatik.

Jose Inazio Basterretxea (EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea), Itxaro Borda (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Aingeru Epaltza (idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea), Maite Goñi (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua), Elixabete Larrinaga (EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea), Ion Muñoa (Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea) eta Jon Sarasua MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua) dira aurtengo epaimahaikideak. Azaroaren 26an banatuko dituzte Rikardo Arregi sariak, Andoaingo Bastero kulturgunean. Xabier Leteren omenezko ekitaldia ere izango da sari banaketa, haren heriotzaren hamargarren urteurrenean.