Oihana Orbegozok Binakako Txapelketa jokatuko du

Andoni Elduaien 2020ko aza. 5a, 10:27
Oihana Orbegozo.

Amaia Aldai bikote duela parte hartuko du pilotari azpeitiarrak Binakako Txapelketan. Igandean Legution (Araba) jokatuko du lehen partida, 12:00etan.

Lau eta erdiko Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketa bertan behera utzi behar izan du antolakuntzak, besteak beste, txapelketan parte hartzekoak ziren Nafarroako eta Errioxako pilotariak ezin direlako beren herrietatik atera. Dena den, lau eta erdikoa Binakako Txapelketak ordezkatuko du datozen asteetan.

Oihana Orbegozo pilotari azpeitiarrak txapelketa horretan parte hartuko du, Amaia Aldai dimoztarra bikote duela. Txapelketako lehen neurketa igandean jokatuko dute Orbegozok eta Aldaik, 12:00etatik aurrera, Legution (Araba); Miren Larrarte eta Nora Mendizabal izango dituzte aurkari. ETB1ek, gainera, zuzenean eskainiko du igandeko partida.

Bi multzotan banatutako zortzi bikotek, guztira hamasei pilotarik, parte hartuko dute binakakoan. Oihana Orbegozo azpeitiarra, Amaia Aldairekin batera, B multzoan arituko da. Leire Garai-Gentzane Aldai, Miren Larrate-Nora Mendizabal, Ainhoa Ruiz de Infante-Miriam Arrillaga eta Amaia Aldai-Oihana Orbegozo izango dira B taldea osatuko duten bikoteak.

Multzo bakoitzeko lehen bi bikoteek jokatuko dituzte finalerdiak abenduaren 6an, eta finala abenduaren 20rako iragarri dute, Arrigorriagan (Bizkaia). Txapelketa guztia pilota mistoarekin jokatuko dutela jakinarazi du antolakuntzak.