'Hondar ahoak': bi herritar, bi esperientzia

Maialen Etxaniz - Ihintza Elustondo 2020ko aza. 4a, 13:41
Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoi aktoreak, 'Hondar ahoak' telesailean. (ETB)

Koldo Almandozen zuzendaritzapean, Txintxua Filmsek ekoitzitako Hondar ahoak telesaila estreinatuko dute gaur, 22:30ean, ETB1en. Thriller generoaren eta zinema beltzaren elementuak uztartuta, Bizkaiko kostaldeko herri batean jazotzen den istorioa kontatzen du telesailak, eta aktore protagonistak Nagore Aranburu (Azpeitia, 1976) eta Eneko Sagardoi dira. Paola Moto (Azpeitia, 1994) Txintxuako kidea da, eta hark ere parte hartu du telesailaren sormen prozesuan. Estreinaldiaren atarian, Aranbururekin eta Motorekin hitz egin du Uztarriak.

"Bizkaiko kostaldeko herri batean jazotako desagerpena du oinarri telesailak. Bilboko komisaldegitik Nerea Garcia inspektorea bidaliko dute kasua ikertzera. Nerea gogo gutxirekin joango da herri horretara, kasua berehala argituko duela pentsatuta. Baina horrelakoetan gertatu ohi den bezala, gauzak ez dira espero bezala joango, eta desagerpenak uste baino lan gehiago emango dio Nereari", azaldu du Nagore Aranburuk.

Aktore azpeitiarra aritu da Nerea Garciaren rolean. Oraingoan inspektorearen azalean jartzea tokatu zaio Aranbururi, eta aitortu du "oso gustura" aritu dela: "Horrelako pertsonaia baten azalean aritzeak jolasteko aukera gehiago ematen dio aktoreari; izan ere, bizitzan oso urrun gelditzen den pertsonaia edo generoa da inspektorearena. Esaterako, drama istorio batean hurbilagokoak izan daitezke pertsonaiak, baina inspektore baten rolean aritzea gure egunerokotik asko urruntzen da. Gainera, Koldok [Almandoz] idatzi dituen pertsonaiek kapa bat baino gehiago dituzte, eta horrek ere jolasteko aukera eman digu. Egia esan, oso ondo pasatu dut pertsonaia gorpuzten". 

Aranburuk oraindik ez du telesaila osorik ikusi, eta estreinaldirako gogotsu dagoela azaldu du: "Sortze prozesua azkarra izan da, eta ez dugu aukerarik izan telesaila osorik ikusteko; badut kuriositatea. Oraingoz, zuzendariak erakutsitako irudi gutxi batzuk soilik ikusi ditugu lantaldeko kideok, eta osorik ikusteko irrikaz gaude”.

Aktoreak uste du, thrillerrak gustuko dituztenentzat, aukera aparta dela Hondar ahoak ikustea: "Telesailaren berezitasunetako bat da generoa, euskaraz oso gutxi ekoitzi direlako genero horretako ikus-entzunezkoak. Estetikoki asko zaindutako lana da, eta irudiekin oso ondo kontatutako istorioa; uste dut horrek jendearen grina piztuko duela. Ni berehala engantxatu nintzen gidoia irakurri nuenean, eta espero dut ikusleak ere harrapatuko dituela istorioak". 

Telesailen industria geroz eta biziago dago, eta asko areagotu da mota horretako ikus-entzunezkoak ikusteko joera. Azken hilabeteotan euskarazko telesailen aldeko apustua egin du ETBk, eta Alardea, Hondar ahoak zein Altsasu telesailak sartu ditu bere eskaintzan. Aranburuk uste du euskarazko fikzioa duela urte batzuk baino "egoera hobean" dagoela: "Duela urte batzuk fikzioa sortzeari utzi zioten, eta azken urteotan desertu handia egon da arlo horretan. Uste dut oraingoan fikzioaren aldeko apustua egin duela ETBk, eta apustua egiten den bitartean, guk beti ondo hartuko dugu. Momentuz, hiru telesail egin dira, eta espero dut gehiago ere etorriko direla. Iruditzen zait esperientzia hauetatik asko ikasiko dugula, bai guk, bai ETBk. Hau da, uste dut telesail horiek balioko dutela ikusteko zer hobetu daitekeen denbora aldetik nahiz aurrekontuari dagokionez, baita eremu horretan lehiakor izateko zer apustu egin behar diren ikusteko ere".

Aranbururen arabera, leku askotan "izugarria" da telesailen mundua izaten ari den gorakada. "Oso ondo egiten dira telesailak, eta jendeak asko ikusten ditu; harrera oso ona dute. Dagoeneko telesailen bueltan industria handia dago, eta jendea asko ari da ikasten. Beraz, horien aldeko apustua egin nahi bada, ezinbestekoa izango da beste bultzada bat ematea. Orain, ikusi beharko da ea hiru telesail horiek nolako harrera duten, eta funtzionatzen baldin badute, uste dut horien aldeko apustua edo saiakera egin beharko litzatekeela". 

Paola Moto, produkzioan

Txintxua Films ekoiztetxeko langilea da Paola Moto. Produkzioko departamentuan aritzen da, eta produkzio laguntzaile lanak egin ditu Hondar ahoak telesailean. "Proiektua hasiera-hasieratik ezagutu dut; hasieran, bulegoko lanak egin nituen, eta, ondoren, grabaketetan parte hartu nuen. Orain, berriz, promozioko lanak egiten ari naiz, bulegoan". Azpeitiarrari kostatu egiten zaio bere lana zertan datzan azaltzea: "Produkzioa hain arlo zabala da... Prozesuan zehar, behar batzuk sortzen dira, eta behar horiei erantzutea da gure ardura. Denean adi egon behar dugu", azaldu du. Gainera, osasun larrialdiak baldintzatu du haren lana ere: "Grabaketetan, goizean goiz denei tenperatura hartzen genien, esaterako".

"Oso gustura" dago Moto Hondar ahoak proiektuaren parte izan delako. "Zerbait azpimarratu beharko banu, sekulako lantaldea izan dugula esango nuke. Lantalde bikaina eta oso giro ona izan ditugu, eta horrek asko erraztu du filmatzea. Izan ere, konplexua izan da prozesua, oso denbora gutxian egin dugulako dena". Hark azaldu duenez, abuztuaren 30ean amaitu zituzten grabaketak, eta bi hilabete soilik igaro direnean estreinatuko dute lana.

Moto ere telesaila ikusteko gogoz dago, oraindik ez baitu osorik ikusi. "Lau atalak segidan ikusi nahi ditut, beste ikusleek bezala, telebistaren aurrean eserita". Haren arabera, "zinema telebistara hurbildu" dute telesailaren bidez. "Kalitate handiko telesaila da; irudi indartsua du". Hark azaldu duenez, Koldo Almandozen ukitua nabari zaio lanari. "Telesaila poliziakoa eta bizia da, baina Koldoren errodatzeko tenpo lasai hori ere nabari zaio".

Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoi aktoreek beren lana "oso ondo" egin dutela iruditzen zaio Motori. "Konplizitatea ikusten nuen beren artean". Txintxuako langilearentzat "plazera" izan da bi aktore horiekin lan egitea. Motok Aitaren etxea telesailean egin zituen ikasketetako praktikak, eta han ezagutu zituen hainbat kiderekin berriro topo egin du Hondar ahoak proiektuan. "Polita izan da haiekin berriz elkartzea". Era berean, harentzat "ederra" izan da beste azpeitiar batekin lan egitea telesailean. "Azkenean, azpeitiarrak leku guztietan elkartzen gara", esan du barrez.

Motori "beharrezkoa" iruditzen zitzaion euskarazko telebistan fikzioaren aldeko apustua egitea, eta pozik dago hala izan delako. "Goenkale eta gero, ez da euskarazko telesail askorik egin, eta nik uste dut falta zela apustu hori". Txintxua Filmsek ere aukera berri bat izan du, Hondar ahoak proiektuari esker. "Guk ekoitzitako lehen telesaila da, baina espero dut ez dela azkena izango. Ea funtzionatzen duen".