Eneko Bereziartua: "Trumpek presidente karguan beste lau urte egitea oso arriskutsua izango da denontzat"

Julene Frantzesena 2020ko aza. 3a, 15:40
Eneko Bereziartua.

Idahon jaio bazen ere, Azpeitiarekin lotura estua du Eneko Bereziartuak (Boise, AEB, 1991). Aita azpeitiarra du, eta berak ere hainbat bisita egin izan du herrira; are gehiago, urtebetez bertan bizi izan zen. Gaur, azaroak 3, presidentea aukeratzeko hauteskundeak dira AEBetan, eta hainbat estatutako herritarrak hasi dira dagoeneko botoa ematen. Bozei buruz hitz egin du Bereziartuak.

Hauteskundeak iritsi berri, zer giro dago Idahon?

Jendea nahiko urduri dago, hauteskundeak iritsi eta pasatzeko zain. [Joe] Biden da faboritoa orain, baina duela lau urte ere inork ez zuen espero [Donald] Trumpek irabazterik. Beraz...

Nola bizi izan duzue hauteskunde kanpaina?

Jende gehiena nahiko kezkatuta egon da kanpaina osoan zehar. Bi eztabaida egin dituzte, eta biak lotsagarriak eta nekagarriak izan dira. Herritar askok bazekiten nori emango zioten botoa  kanpaina hasterako, eta horregatik, ez dute denbora gehiagi pasatu kanpaina jarraitzen.

Bi dira hautagaiak: Biden eta Trump. Nolakoak direla esango zenuke?

Ez bat eta ez bestea, bietako inor ez zen izango nire lehen aukera, baina bai, bi horiexek ditugu aukeran. Mundua askoz ere seguruago sentituko da Bidenekin, baina egia esan, ez dakit gauzak zenbat aldatuko diren bera presidente izanda. Ideia hobeak ditu, baina ideiatik ekintzetara pasatzea zailagoa da.

Bata demokrata, bestea errepublikanoa. Zer alde dago bien artean?

Bi alderdien arteko sistema hori gero eta txarragoa ari da izaten denontzat. Biak ari dira indartzen, eta ez dago beste alderdientzat edo ideientzat lekurik. Politikariek badakite alderdirik gabe ezin dutela ezer egin, eta horregatik, denek alderdiak agindutakoa egin behar izaten dute; ez dago tokirik bi alderdi horien erdian daudenentzat. Gaur egun, gainera, nahi duenak nahi duen informazioa eskuratzen du: errepublikanoek alde bateko berriak irakurtzen dituzte, eta demokratek, beste aldekoak.

Inkestek Trumpi ematen diote garaipena. Hala izango dela uste al duzu?

Bai, Idahon beti irabazten dute errepublikanoek. Herri txikietan indarra izan ohi dute errepublikanoek, eta Idahoko herri gehienak txikiak dira. Boisen beti alkate demokrata izan dugu, baina gainerako herri guztietan indar handia daukate errepublikanoek. Demokratek irabazteko, gauzek asko aldatu beharko dute hemen.

AEB osoari dagokionez, baina, inkestek ez dute emaitza garbirik ematen. Zer gertatuko dela uste duzu?

Duela lau urte ere ez zuten asmatu [Clintoni ematen zioten garaipena, baina Trump nagusitu zen], baina zundaketak ez ziren hain txarrak izan. Clintonek irabazi zituen herritarren botoak, Trumpek baino %2 boto gehiago eskuratu zituen, baina AEBn estatu bakoitzak ere erabakimena du. Trumpek irabazi zuen estatu gehienetan, eta horregatik, bera izendatu zuten presidente. Aurten ere gauza bera gerta daiteke, nahiz eta Bidenek Clintonek baino abantaila handiagoa duen. Bidenek nahiko erraz irabaziko duela uste dut.

Halere, zenbaitek dio Trumpek ez dituela emaitzak onartuko hauteskundeak galtzen baditu. Posible ikusten al duzu hori gertatzea?

Uste dut Trumpek emaitzak onartu egin beharko dituela, baina aurten edozer gauza pasatu daiteke.

Idahoren inguruko estatu gehienetan ere Trumpen aldekoak dira inkestak. Dena den, Idahoren mugakide den Coloradon ez. Estatutik estatura zergatik dago halako aldea?

Estatu guztiak oso desberdinak dira; izan ere, bakoitzak bere beharrak ditu. Idahon, adibidez, herri txiki asko dago, eta jendeak landa eremuan egiten du lan. Historikoki landa eremuko herriek nahiago izaten dute errepublikanoen pentsamoldea. Hiri handietan, berriz, demokraten aldekoa da jendea. Gainera, erlijioak ere eragin handia dauka. Estatu askotan erlijioa oso garrantzitsua da, eta estatu horietako gehienak errepublikanoak dira. Egia esan, herritar askok beren gurasoek sinetsi dutenari eusten diote.

Trumpek legealdi bat egin du Ameriketako Estatu Batuetako presidente karguan. Zer balorazio egiten duzu egin duen lanaz?

Pentsatzen nuena baino hobeto aritu da, baina egia esan, ez nuen itxaropen handirik. Uste dut zorte handia izan duela kanpo politikarekin, eta gainera, AEBetako ekonomia egoera onean zegoen aurten arte. Trumpek presidente karguan beste lau urte egitea oso arriskutsua izango da denontzat.

Koronabirusen krisiaren erdian iritsi dira hauteskundeak. Zer moduz zaudete pandemiari dagokionez?

COVID-19a faktore oso garrantzitsua izango da hauteskunde hauetan. Nire ustez Trumpek izugarrizko porrota erakutsi du pandemia kontrolatzeari dagokionez. Adibidez, badakigu maskarek asko laguntzen dutela koronabirusa kontrolatzen, baina Trumpek halakorik erabili gabe jarraitzen du. Hori dela eta, bere jarraitzaile askok ere ez dute janzten. Gainera, estatu batzuetan maskara jantzi egin behar da, baina gehienetan ez. Boisen, esaterako, maskara erabili behar da jatetxeetan eta dendetan, baina inguruko herrietara joaten bazara, maskararik ez da ikusten.