Euskal Antzerki Topaketak 2020

'Urruna' eta 'Ikimilikiliklik' obrak topaketetako bigarren asterako

Julene Frantzesena 2020ko aza. 4a, 07:59
'Urruna' obrako irudi bat.

Bihar, osteguna, eta larunbatean izango dira emanaldiak. Sarrerak salgai daude udalaren webgunean. Ostiraleko Lanaz eta xaharretaz obra bertan behera utzi dute.

Gorabehera bat baino gehiagorekin, baina aurrera doaz XXXVIII. Euskal Antzerki Topaketak. Joan zen astean Matriuska, Erlauntza eta Fadoak entzuten zituen gizona obrak ikusteko aukera izan zuten herritarrek –Kaskarot bertan behera gelditu zen–, eta oraingoan Urruna eta Ikimilikiklik antzezlanak izango dira –Lanaz eta xaharretaz bertan behera gelditu da–.

Koronabirusaren eraginez ari dira bertan behera uzten iragarrita zeuden hainbat lan, baina hala ere, antzerkiak protagonista izaten segitzen du herrian. Bihar, osteguna, Tripak konpainiaren Urruna lana ikusi ahal izango da (19:30), eta zapatuan, berriz, Mari de Jongh Teatroaren Ikimilikiliklik izango da; biak Soreasu antzokian. Larunbatekoa haurrei zuzendutako obra da, eta 17:00etan hasiko da. Bi emanaldietarako sarrerak honako lotura honetan eros daitezke.

Hurrengo astean, berriz, beste hiru emanaldi izango dira: Tribiz, baserri galdue (Jon Ander Urresti), Antigone edo ezetzaren beharra (Horman Poster) eta Pinocchio (Gorakada Teatroa). Zestoako Eromen Produkzioaken Guateke obra, berriz, bertan behera utzi dute. Topaketei bukaera emateko, azaroaren 20an, sari banaketa ekitaldia egingo dute, XXXVIII. Antzerki Topaketetako hainbat gune eta momentu gogoratuz.