Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzukoen edukiak kaleratuko ditu Uztarriak hilean behin

Julene Frantzesena 2020ko aza. 3a, 09:00

Elkarlanerako beste urrats bat eman dute bi eragileek. Erotikan Plax!-eko kideek elkarrizketak egiten, sare afektiboa zaintzeko baliabideak eskaintzen eta testigantzak jasotzen eta argitaratzen jarraituko dute. Hileko lehen zapatuetan eduki bat kaleratuko dute horiek Uztarria.eus atarian; lehena datorren larunbatean izango da.

Uztarria Komunikazio Taldeak eta Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzuak elkarlanerako beste urrats bat eman dute. Urteak dira zerbitzu hori martxan jarri zutela Azpeitian, eta orduz geroztik, hainbat eduki landu dituzte zerbitzu horretako kideek Uztarria aldizkarian nahiz Uztarria.eus webgunean. Besteak beste, Erotikan Plax elkarrizketa sorta –50 elkarrizketa gauzatu dituzte Haizea Egigurenek eta Edurne Mendizabalek– egin dute, eta hainbat iritzi artikulu argitaratu ditu Nerea Sancho psikologo eta sexologoak.

Norabide horretan jarraituz, aurrerantzean ere bidea urratzen segituko dute Uztarriak eta Plax! zerbitzuak. Izan ere, Erotikan Plax!-eko kideek elkarrizketak egiten, sare afektiboa zaintzeko baliabideak eskaintzen eta testigantzak jasotzen eta argitaratzen jarraituko dute. Hilean behin eduki bat kaleratuko dute horiek Uztarria.eus atarian; hileko lehen larunbatean, hain zuzen. Lehen ekarpena datorren zapatuan, hilak 7, kaleratuko dute.

Plax!-i lotutako eduki guztiak –orain arteko asko barne– webgune honetan sortutako atal berezi batean pilatuko ditu Uztarriak. Honako hau da atal hori. Bestalde, Plax!-eko kideek zerbitzua eskaintzen jarraituko dute orain arte bezala. Kontsultak egin edo hitzorduak eska ditzakete herritarrek 688 89 79 20 telefonora deituta. Aurrez aurreko arreta Sindikatu Zaharreko bigarren solairuan eskaintzen dute hilean bitan. Azpeitiko Udalak herritarren zerbitzura duen aholkularitza gune profesionala, konfidentziala eta doakoa da Plax!, eta osasun zentroen zerbitzu osagarri gisa funtzionatzen du.