Larringo industriagunea garatzeko lanean ari dira udala eta Sprilur

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 1a, 09:00
(Argazkia: Azpeitiko Udala)

Industria sektoreak dituen beharrak ezagutzeko eta herriko eremu industrialean lurrak prestatzeko konpromisoa hartu dute bi erakundeek. Luzera begirako proiektua izango dela aurreratu dute.

Azpeitiko Udala eta Sprilur sozietate publikoa Larringo industriagunea garatzeko lanean ari dira. Udalaren arabera, 2008an hasitako krisialdi ekonomikoak ehun industriala desegitea ekarri zuen, baita industriaguneen ereduaren inguruko hausnarketa egiteko beharra azaleratu ere. Izan ere, "duela hainbat urte diseinatutako pabilioi ereduek ez diete erantzuten gaur egungo industriaren beharrei". Horregatik, udalak eta Sprilurrek behar berri horiek atzemateko eta herriko eremu industrialean lurrak prestatzeko konpromisoa hartu dute. Bide horretan, industria behar berriei erantzuteko aukera ezberdinak lantzen ari dira.

Udalak adierazi duenez, urte asko dira industria arloan esku hartze publikorik ez dela egin Azpeitian, eta "ekonomiaren sustapenaren baitan, lur industrialen inguruko lanketaren barruan", Sprilurrekin harremanetan da azken hilabeteotan. Sprilurrek Larringo industriagunea garatzeko interesa azaldu zuela esan du udalak, eta garaietara egokitutako hitzarmen bat adostu dutela lur industrial egokituak eskura izateko. "Azpeitiak duen behar nagusietarikoa da lur industrialak egokitzea" izanik, udala horretarako lanean ari dela azaldu du Nagore Alkorta alkateak. "Ez da epe motzean konpondu daitekeen zerbait. Eskertu nahi dugu Sprilureko arduradunek hasieratik erakutsi duten lanerako prestutasuna eta konpromisoa”.

Txaber Ouro Sprilurreko ordezkariak ere eskerrak eman dizkio Azpeitiko Udalari "Larringo eremua garatzeko emandako konfiantzagatik". "Aliantza honek indartu egiten du Euskadirentzat kalitate eta kantitate handiko industria azpiegituren alde egiteko beharra. Erronka horrek garapenean parte hartzen duten eragileekin partekatua izan behar du, gure enpresa sareak eskatzen dituen beharrei erantzuteko". Udalak eta Sprilurrek adostutakoaren arabera, bi erakundeek lehentasuna emango diete industriagunea eraikitzeko azterketa eta lanketei, eta tramitazioak ahalik eta gehien arintzeko konpromisoa hartu dute.