Aurkeztu dute 'Migrazio erdalduna herri euskaldunetan: euskararen inguruko bizipenak eta iritziak' ikerlana

Anartz Izagirre 2020ko urr. 29a, 16:14
Edurne Urrestarazu (ezkerrean) eta Enara Eizagirre (eskuinean), ikerlanaren aurkezpenean. (Anartz Izagirre)

Enara Eizagirre azpeitiarra da ikerlanaren egileetako bat. Gaur, osteguna, aurkeztu dute ikerketa Azoka Plazako areto nagusian. Ikerlanean honakoa aztertu dute: udalerri euskaldunetara 2005az geroztik iritsi diren eta jatorriz Euskal Herritik kanpokoak diren herritar erdaldunek euskararekin duten harremana.

Iñaki Arregi ikerketa bekaren laguntzaz ondutako Migrazio erdalduna herri euskaldunetan: euskararen inguruko bizipenak eta iritziak ikerlana aurkeztu dute gaur, osteguna, Azoka Plazako areto nagusian —irakurri ikerlana, hemen—. Uemako udalerrietako erdaldunek euskararen inguruan dituzten gogoetak aztertu dituzte lan horretan, eta Enara Eizagirre azpeitiarra da ikerlan horren egileetako bat. Edurne Urrestarazurekin eta Ekhi Zubiriarekin batera egin du lan azpeitiarrak, eta urtebeteko epea izan dute lana gauzatzeko.

Ikerlana aurkezten izan dira Azoka Plazan Eizagirre eta Urrestarazu, eta bertan izan da Iraitz Lazkano Uemako lehendakaria ere. Lazkanok adierazi duenez, "zorroztasun akademikoz" egindakoa eta "publiko orokorrari zabaltzeko modukoa" da hirukotearen lana, eta ikerlanaren egileak zoriondu ditu aurkezpenean, egindako lanagatik.

Honako gaia ikertu dute lanean: udalerri euskaldunetara 2005az geroztik iritsi diren eta jatorriz Euskal Herritik kanpokoak diren herritar erdaldunek euskararekiko eta bizi diren herriarekiko zer-nolako harremana, bizipenak eta iritziak dituzten, betiere euskararekiko dituzten beharrak, mugak eta aukerak identifikatuz. Urrestarazuk adierazi duenez, hamahiru herritan kokatu dute ikerketa: Azpeitian, Oñatin, Orion, Ikaztegietan, Berastegin eta Mutrikun (Gipuzkoa) Baztanen, Etxarri-Aranatzen eta Igantzin (Nafarroa) eta Diman, Lekeition, Muxikan eta Ondarroan (Bizkaia). Ikerlariaren arabera,  euskararen "ezagutza eta erabilera altua" izan dira herri horiek aukeratzearen arrazoia, baita azken urteetan herri horietan "migrazio mugimendu esanguratsua" egon izana ere.

Denera 23 pertsona —12 emakume eta 7 gizon— elkarrizketatu dituzte Eizagirrek, Urrestarazuk eta Zubiriak; horietako lau euskararen eta soziolinguistikaren arloan adituak dira, eta gainontzeko 19ak hainbat jatorritako herritarrak; besteak beste, Paraguai, Senegal, Maroko, Pakistan eta Sardiniako herritarrak. Pertsona horiek udalerri euskaldun horietara nola iritsi diren aztertu du hirukoteak, baita zer-nolako gizarte-bizitza duten ere, harreman sareak, egunerokotasuna, bakoitzaren ibilbide linguistikoa eta etorkizuneko planak ezagutzeko.

"Erdaldunen errealitate anitza"

Ikerlariek hainbat ondorio atera dute urte osoan zehar gauzatutako elkarrizketetatik, eta Eizagirrek horietako zenbait azpimarratu ditu aurkezpenean; esate baterako, erdaldunek "errealitate anitza" dutela nabarmendu du: ""Errealitate anitza da erdaldunak hitzaren atzean dagoena, baita euskararen ezagutzari dagokionez ere. Bestetik, hizkuntzaren gaitasuna dinamikoa da, eta hor ere aniztasun handia dago. Batzuk, esaterako, euskara ikasten ari dira".

Horrez gain, azpeitiarrak aipatu du euskararekiko harremanean eragin handiagoa dutela beste aldagai batzuek, jatorrizko hizkuntzak berak baino, hala nola harreman sareek, haurrek, lan espektatibek eta etorkizunean herrian gelditzeko edota herritik alde egiteko asmoek. Hain zuzen ere, aldagai horiek aldatu ahala hizkuntzarekiko jarreretan eta praktiketan mugimenduak sumatzen direla aitortu du Eizagirrek: "Etorri berriek euskararekiko duten harremana oso dinamikoa eta aldakorra da faktore horien eraginpean dagoenean, bai euskarara gerturatzeko, baita euskaratik urruntzeko ere".

Bi proiektu saritu

Udalerri euskaldunak garatzeko proposamen zehatzak eta bideragarriak biltzeko helburuarekin jarri zuten martxan Iñaki Arregi bekaren deialdia. Uemak sortu du beka, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babesarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Kontseiluarekin eta UEUrekin elkarlanean. Joan zen urtean bi proiektuk jaso zuten beka: udalerri euskaldunetako erdaldunek euskararen inguruan dituzten gogoetak jasotzeko azterlana —gaur Azoka Plazan aurkeztu dutena—; eta tokiko garapen ekonomikorako estrategiak eraikitzeko marko kontzeptuala, arkitektura eta metodologiaren inguruko ikerketa lagundu dituzte diruz. Azken ikerketa hori Joseba Garmendia ekonomian doktoreak eta EHUko irakasleak gauzatu du, eta urtarrilean aurkeztuko dute.

Hona hemen ikerlanaren aurkezpeneko bideoa: