Amaitu dituzte Erlaitz kobako labar artea ikertzeko bigarren faseko lanak

Ihintza Elustondo 2020ko urr. 29a, 15:30
Erlaitzko labar artea ikertzen aritu den taldea. (Antxieta)

Erlaitz kobako ikerketaren bigarren kanpaina gauzatu dute, Antxieta arkeologia taldearen laguntzarekin. Talde horrek jakinarazi duenez, "bikain" joan da ikerketa. "2015ean uste genuena baino garrantzi handiagoa du aurkitutakoak".

Irailean hasi ziren Zestoa eta Deba artean dagoen Erlaitz kobako labar artea ikertzen. Blanca Ochoa EHUko arkeologoa eta Marcos Garcia Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko ikerlaria dira ikerketaren arduradunak, eta Azpeitiko Antxieta arkeologia taldea haiei laguntzen aritu da. Antxieta taldeak aurkitutako material arkeologiko batzuei esker aztarnategi gisa katalogatu zuten haitzuloa 1978an, eta 2015ean, Erlaitzko labar artea aurkitu zuten Antxietako kideek.

2015eko aurkikuntza hartatik, bost urte igaro dira, labar arte hori ikertu gabe. Dena dela, EHUko talde batek ikerketa sakonagoa egiteko baimena eskatu zuen, Blanca Ochoaren gidaritzapean. Proiektua martxan, irailean gauzatu zuten ikerketaren lehen kanpaina, eta joan zen astean gauzatu zuten bigarrena. Antxieta arkeologia taldeak jakinarazi duenez, "bikain" joan da ikerketa. "2015ean uste genuena baino garrantzi handiagoa du aurkitutakoak", esan du arkeologia taldeak. "2015ean ikusi genituen baino animalien grabatu figuratibo gehiago daude, eta pigmentu gorriarekin egindako margo arrasto batzuk ere bilatu ditugu 2020ko jardunaldian".

Bigarren faseko lanekin, aurtengoz, amaitu dituzte lanak. Dena dela, Antxietako kideen esanetan, "agian, bi urteko iraupena" izan dezake prozesuak. Izan ere, koban lanean aritzen direnean beharrezko informazioa bildu ohi dute, baina gero irudi horiek denak eta haien formak aztertu egin behar izaten dira.