Bihar bukatuko da ekonomia sustapenerako udal dirulaguntzak eskatzeko epea

Mailo Oiarzabal 2020ko urr. 29a, 10:05

COVID-19ak eragindako krisialdiari aurre egiteko tokiko merkataritza eta ostalaritza indarberritzeko dirulaguntzak eskatzeko epea ere bihar bukatuko da.

Udalak joan den uztailean ireki zuen ekonomia sustapenerako aurtengo dirulaguntzak eskatzeko epea, eta bihar izango da laguntza horiek jaso ahal izateko eskaerak aurkezteko azken eguna.

Koronabirusak eragindako egoerara egokitu dute deialdia eta lau dirulaguntza lerro aurreikusten ditu: lehen sektoreko eta merkataritzako jarduera bultzatzeko proiektuetara bideratutakoa (175.000 euroko diru-poltsarekin, guztira), industriara bideratutakoa (160.000 euro), ekintzailetasuna sustatzeko ekintzetara bideratutakoa (65.000 euro) eta langileen kontrataziora bideratutakoa (75.000 euro). Azken lerro hori da aurtengo dirulaguntza deialdiaren berrikuntza nagusia.

Bihar bukatuko da, era berean,  merkataritza eta ostalaritza sektoreetan COVID-19a dela-eta egindako inbertsioak diruz laguntzeko udalak martxan jarritako deialdira aurkezteko epea.