Koronabirusa Azpeitian

Igandean hilerrian jende pilaketak saihesteko deia egin du udalak

Julene Frantzesena 2020ko urr. 29a, 09:14
Hilerriko sarrera. (Azpeitiko Udala)

Santu Guztien eguna izango da igandean, eta jende pilaketak saihesteko, hilerrira aurreko edo ondorengo eguentan joatea gomendatu du udalak. Igandean, pertsona kopurua kontrolatuko du erakundeak. Autoz Parrokia aldetik igo beharko da hilerrira, eta Takolo aldetik jaitsi.

Santu Guztien eguna izango da igandean, eta osasun egoera tarteko, hilerrira igandean bertan joan beharrean, aurreko edo ondorengo egunetan joateko deia egin du udalak. Izan ere, egun horretan herritar ugari joan ohi da hilerrira. Dena den, igandean joan beste aukerarik ez duten herritarrei jende gehien ibili ohi den orduetan ez bertaratzeko eskatu du erakundeak, pilaketak saihesteko helburuz.

Hilerrira autoz joan nahi dutenek Parrokiaren ondotik igo beharko dute; aldiz, Takolo baserriaren paretik jaitsi beharko dute bueltan. Gainera, hilerrira sartzeko eta handik irtetzeko ateak zehaztu ditu udalak: ohiko sarrera nagusitik sartu beharko da, eta goiko atetik atera. Horrez gain, igandean pertsona kopurua kontrolatuko du udalak.