Urola Erdiko Itaia aurkeztuko dute bihar Gaztetxean

Anartz Izagirre 2020ko urr. 30a, 09:00

18:30ean izango da aurkezpena, eta emakumeen antolakunde sozialistaren erronkez, eskualdean Itaiak dituen helburuez zein emakume langileen antolakuntzaren beharretaz arituko dira bertan.

Gaitasunak antolatu lelopean, Urola Erdiko Itaia emakume sozialisten antolakundea aurkeztuko dute bihar, 18:30ean, Gaztetxean. Aurkezpenean hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola Itaiak eskualdean dituen erronkak nahiz helburuak eta emakume langileen antolakuntzaren beharrak. Itaiako kideek Gaztetxera joateko deia egin diete antolakundearen jardueran interesa duten herritarrei, eta azaldu dute COVID-19aren hedapena saihesteko osasun eta segurtasun neurriak hartuko dituztela. Hori dela eta, Gaztetxeko edukiera mugatuta egongo da, tenperatura hartuko diete herritarrei sarreran eta hidrogelak ezarriko dituzte. Horrez gain, herritarrek une oro maskara eraman beharko dute aurkezpenean.

Bi urte igaro dira Itaia emakume sozialisten sarea eratu zutenetik, eta antolakundeko kideek azaldu dutenez, ordutik "emakume langileen zapalkuntzak identifikatzen, zapalkuntza horiei aurre egiteko proposamen politikoa garatzen eta komunitatea eratzen" aritu dira. Joan zen abenduan, adibidez, Euskal Herriko Emakume Sozialisten Topaketak egin zituzten Azpeitian.

Itaiako kideen arabera antolakunde izaera du orain Itaiak, eta eskualdez eskualde emakume langileen babesa antolatzeko erabakia hartu dute; horren ondorio da Urola Erdiko Itaiaren sorrera: "Osasun krisialdiak atzeraldi ekonomikoa bizkortzea eragin du, eta horren ondorioz, emakume langileon bizi baldintzak modu agerikoan kaltetu dira, eta are gehiago kaltetuko dira datozen hilabeteotan. Testuinguru ekonomiko politikoa halakoa izanik, eskualdez eskualde emakume langileon babesa antolatzeko erabakia hartu dugu, eta erronka handiak ditugu aurretik", azaldu dute.