Koronabirusa Azpeitian

Aldaketak izango dira datozen asteetako kultur ekitaldietan

Julene Frantzesena 2020ko urr. 28a, 11:42
Ezpalak taldea Sanagustinen eskaini zuten kontzertu batean. (Kulturaz)

Programatutako ekitaldietan hainbat aldaketa egin behar izan ditu Kulturaz kooperatibak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ezarritako COVID-19aren aurkako neurriak tarteko. Data batzuk atzeratu egin dituzte, ordutegi batzuk egokitu ere bai, eta Antonio Lizanaren kontzertua bertan behera gelditu da. Sarrerak erosita zituzten herritarrentzat hainbat argibide eman ditu Kulturazek.

COVID-19ari aurre egiteko ezarritako osasun larrialdi egoera eta Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak tarteko, datozen egunetarako eta asteetarako programatuta zituen hainbat kultur ekitalditan aldaketak egin ditu Kulturaz kooperatibak.

Batetik, Aitor Etxeberriak eta Amorantek datorren azaroaren 6an eskaini behar zituzten kontzertuak atzeratu egin dituzte, eta beraz, horiek urtarrilaren 22an izango dira bi musikariak Sanagustin kulturguneko agertokian. Antonio Lizanak azaroaren 7an eskaini behar zuen kontzertua, berriz, bertan behera gelditu da. Horrez gain, joan zen asteburuan bertan behera gelditu ziren Lemy Rivers eta Ezpalak taldeen kontzertuak abenduaren 18an izango dira.

Espainiako Gobernuak ezarritako eta Eusko Jaurlaritzak berretsitako 23:00etako etxeratze agindua tarteko, zinema emanaldietan ere aldaketak izango dira. Hain zuzen ere, asteburu honetako Falling filmaren larunbateko eta asteleheneko saioak 20:00etan izango dira. Dena den, bere horretan segitzen du bihar, ostegunarekin, Mikel Karreraren Bidea ipar liburuaren aurkezpeneak (19:00).

Bertan behera gelditu diren ekitaldietarako sarrerak erosita zituztenei zuzenean itzuliko die dirua Kulturaz kooperatibak. Azpeititik kanpo bizi diren eta sarrera erosita zuten herritarrek, berriz, ebeloki@kulturaz.eus webgunera mezua idatzi beharko dute. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriak tarteko, Azpeitiko biztanleek soilik joan ahal izango dute kultur ekitaldietara, ezin delako norbere udalerritik halako ekintzetarako atera.

Kultur ekitaldi guztietan COVID-19aren aurkako babes neurriak zorrotz betetzen jarraituko duela adierazi du Kulturazek. Gainera, egitasmo guztietarako sarrerak aurrez hartzea gomendatu du kooperatibak.