Herriko industria enpresen egoera eta beharrak ezagutzeko azterketa egin dute udalak eta Urola Industrialdea sozietateak

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 28a, 10:00

Udala eta Urola Industrialdea sozietate publikoak elkarlanean egin dute azterketa, iazko azarotik aurtengo maiatzara bitartean. Herriko 221 industria enpresetatik 185ek parte hartu dute azterketa horretan. Hutsik dauden pabilioiak zerrendatu eta martxan daudenen egoera nolakoa den ikusi dute, besteak beste.

Herriko industria sektorearen egoera zehatza zein den jakiteko helburuarekin, azterketa egin dute Azpeitiko Udalak eta Urola Industrialdea eskualdeko industria sustatzeko sozietateak elkarlanean. Iazko azaroan hasi eta aurtengo maiatzean bukatu dute azterketa hori, eta herrian dauden 221 industria enpresetatik 185ek parte hartu dute. Herriko ekonomiaren "motorra" industria izanik, horrelako azterketa bat egitea beharrezko jo du Nagore Alkorta herriko alkateak, "arlo horren inguruan abiatzen diren politikak ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen". Azpeitiko Udalak ekonomiaren sustapenerako laguntzekin jarraitzeaz gain, lur industrialen egoera aztertu, ondorioak atera eta beharrezko neurriak hartzeko konpromisoa du.

Azterketa horrekin, bi gauza argitu nahi izan dituztela azaldu du Alkortak: batetik, hutsik dauden pabilioien zerrenda bat egin dute eta horiek zer egoeratan dauden ikusi dute, aterabiderik izan dezaketen aztertzeko; eta bestetik, jardueraren bat gauzatzen den pabilioiak zer egoeratan dauden ikusi dute —haietan zenbat lagunek lan egiten duten, etorkizunean zer behar izan ditzaketen, eta abar— .

Udala jakitun da zaharkituta dauden pabilioiek ez dutela aterabide erraza, besteak beste, esku pribatuetan daudelako. Baina, arazoari heltzeko konpromisoa hartu du, nahiz eta uste duen "lur industrialen inguruko lanketaren emaitzak epe luzerako prespektibarekin landu beharrekoak" direla. "Erronka honi heldu nahi diogu. Ikuspegi estrategikoz jokatu eta luzerako begirada geureganatu. Jabego pribatua, erakundeak… interes eta eskuduntza desberdinak batzen dira, baina pixkana-pixkanaka korapiloak askatzen joan behar dugu. Ezinbestean heldu beharreko gaia dela uste dugu", adierazi du Alkortak.

Oraina eta etorkizuna

Azpeitiko industria jarduera nagusiak egurraren lanketarekin zerikusia dutenak —zura zerratzea eta zepilatzea eta etxeko altzari mota guztiak fabrikatzea, banatzea eta merkaturatzea— eta makina erremintari eta pieza industrialen mekanizazioari lotutakoak dira.

Udalak zehaztu du Azpeitiko industriaguneen batez besteko okupazioa %90 ingurukoa dela, Landetan izan ezik. "Eremu horrek, dituen berezitasunak eta zahartzeak eragindako zailtasunak tarteko, gaur %65eko okupazioa du egun". Azterketa egiterakoan ikusi dutenez, oro har, enpresek azpiegitura  "egokiak" dituzte gauzatzen dituzten jarduerarako, "baina hainbat enpresek itxura zaharkitua dutela detektatu da". Horretaz gain, "hainbat arazo edo zailtasun zehatz" ere jaso direla esan du udalak, eta bere eskumenen baitan saituko dela arazo horiek aztertzen eta horiei aterabidea bilatzen.

Ikerketan parte hartu duten 185 enpresetatik 39 enpresek pabilioia handitu edo lekualdatzeko beharra agertu dutela azaldu du udalak; horietatik bostek epe motzean, 30 enpresek epe ertainean eta lauk epe luzera begira.Udalaren esanetan, herriko enpresen beharrak zeintzuk diren jakitea ezinbestekoa da haien beharrei erantzun ahal izateko, eta hain zuzen ere, horretarako balio izan die azterketak. "Azterketa honen bidez, herriko industriaguneen errealitatea ezagutu eta enpresen beharren eta asmoen berri izan dugu. Etorkizunera begira, informazio oso garrantzitsua jaso dugu, hainbat erronkari heltzeko".