Oskar Alegria: "Beti esaten dut film hau lehendabizi amestu egin nuela, eta gero filmatu"

Julene Frantzesena 2020ko urr. 28a, 08:09
Oskar Alegria enbor baten gainean eserita.

Oskar Alegria (Iruñea, 1973) zinemagileak Zumiriki dokumentala aurkeztuko du gaur, 19:30ean hasita, Soreasun antzokian. Ikus-entzunezkoaren gaineko solasaldia ere eskainiko du sortzaile nafarrak. Espero ez bazuen ere, lan horri esker hainbat aipamen eta sari jasotzen ari da munduko txoko desberdinetako zinema jaialdietan.

Zure haurtzarora bidaia da Zumiriki lana. Zergatik hautatu zenuen gai hori?

Mallory mendizaleari Everest zergatik igo nahi zuen galdetzen ziotenean, berak beti zera erantzuten zuen: "Han dagoelako". Gauza bera erranen nuke: nire haurtzarora bidaia bat egin dut, han dagoelako. Gorriza izeneko parajean, urpean, dagoen irla bat izan da abenturaren zentroa; izan ere, hori zen nire jostailurik ederrena, ibaian erdian zegoen irla bat. Egun urpean dago presa bat egin zutelako, baina arbolak oraindik zutik daude, uraren erdian, haurtzaroa hortan datzala seinale.

Lau hilabeteko egonaldia egin zenuen zibilizaziotik at, ibai ertzean eraikitako borda batean, basoan. Nola bizi izan zenuen epealdi hori?

Amets bat bezala. Beti esaten dut film hau lehendabizi amestu egin nuela, eta gero filmatu. Hala izan zen, eta amestu bezala bizi eta sentitu nintzen gero. Beraz, egonaldia plazer bezala bizi izan dut, genesi bat izan da niretzat, leku horretako mapa oraindik zuri-zuri dagoelako, izenik gabe, eta egun oraindik aukera duzu lurraren izenak eta izanak emateko. Horretarako, hatz erakuslea baino ez duzu behar.

Zergatik eta zertarako egin zenuen egonaldia?

Nire proposamenek azalpen argi bat edo helburu finko bat izaten badute, gaizki goaz... Nahiago ditut xederik gabeko proiektuak edo nire buruari azaldu ezin dizkiodanak. Ulertu ezin ditugun gauza gero eta gutxiago daude munduan, eta aldi berean, gero eta baliotsuagoak bihurtu dira horiek. Misterioa, hitz batean. Hori izan da filmaren motorra.

Nola moldatu zinen grabaketak egiteko?

Ongi, nire kabuz egin nuen dena; libertate hori biziki estimatzen dut eta zaintzen dut. Orain ederra iruditzen zait filma eguzkiarekin kargatuta dagoela ikustea; izan ere, bi eguzki panel eraman nituen bateriak kargatzeko. Ilargiak ere bere funtzioa bete zuen, argazki batzuk egin bainituen etxola bera argazki kamera izango balitz bezala, eta gero, ilargi betearen argiarekin garatu nuen irudia. Dena den, zuhaitzak izan dira nire kamera nagusiak, haiek filmatu baitute pelikularen zati handi bat, batik bat bukaera. Eta haizeak eman zion azken indarra irudiari… Beraz, filma eguzkiaren, ilargiaren, zuhaitzen eta haizearen laguntza preziatuaz dago egina.

Nola definituko zenuke emaitza, Zumiriki?

Zumiriki Mostra guztiko filmik sailkaezinena zela esanez aurkeztu zuen 2019ko edizioa Alberto Barbera Veneziako Mostrako zuzendariak... Hori jada filma sailkatzea da nolabait. Filmari oso publizitate ona egin zion; izan ere, arrazoi horrexegatik kazetari eta ikusle ugari hurbildu zen Zumiriki ikustera. Eta ados nago. Sailkaezina izateak ez du bortxaz arraroa dela erran nahi; errealitatea da beti oinarria, eta beraz, dokumentalen arloan sartzen da. Gero naufrago baten kronika da, oso arrunta dela esango nuke…

Zinema jaialdi ugaritan hautagaien artean izan da Zumiriki, eta hainbat sari jaso ditu dagoeneko. Espero al zenuen?

Ez. Egia esan, nire lehendabiziko filma saltzeko errazagoa dela esango nuke: han Man Ray dugu, Errumaniako printzesa bat, jauregi eder bat Lapurdiko kostaldean… Horrekin munduko ateak zabaltzea ez da hain zaila. Baina Zumiriki-n ez dago aipatutako deus: soilik ni, neure burua, nire aita eta nire ama, nire familia eta gure oroitzapenak txoko txiki eta galdu batean... Horregatik, ezuste handia izan da niretzat Zumirikiren bidaia. Azken finean uretan abandonatutako botila bat da filma, baina egia berdaderoa da: erreka eta ibai guztiak konektaturik daude, eta Argan utzitako botilak Venezian buka dezake.

Egin duzun bigarren dokumentala da. Hirugarrenik etorriko al da?

Zumiriki hirugarrena da. Emak Bakia baita da nire lehendabiziko filma, eta zuzenean pasatu naiz hirugarrena egitera. Beraz bigarrena oraindik egiteke dago. Hori lagun on baten aholkua izan zen. Egun aspertu batean berarekin fortunatu nintzen, eta bigarren filmarekin nuen kezka aitortu nion; izan ere, ez nekien zer egin. Berak zera aholkatu zidan: ba hirugarrena egin eta listo. Eta hala da. Uste dut salto bat egin dudala lehendabiziko filmarekin oso loturik ez egoteko… Eta bertze bat egitekotan, agian, Emak Bakiaren eta Zumirikiren arteko film bat egingo dut, zubi bezala. Baina ez dakit, ikusiko dut, ni oso motela naiz; bi pelikula horien artean zazpi urte eman ditut. Gauza bera egingo dut agian; izan ere, zazpia zenbaki ederra da, eta nik moteltasunean baino ez dut sinesten.