Inoizko puzkarik inportanteena

2013an hasi zuten Nafarroan kanpaina berezi hau. (Errigora)

Abian da Errigoraren kanpaina berria, eta oraingoan saskiko bost euro gehiago eskatuko dute, pandemiaren krisiagatik ez delako egin ikastolen jairik, eta Korrikarik ere ez delako izango 2021ean. Azpeitian bost eragileren bitartez egin ahalko dira eskaerak.

Bertakoa jatea eta osasungarria jatea hautu pertsonala da, baina erabaki horrek baditu ondorioak inguruko ekonomian. Errigora egitasmoa martxan denetik, berriz, ekonomian ez ezik, euskararen orainean eta etorkizunean ere badu eraginik. Izan ere, Nafarroa hegoaldeko jakiak erostean ordaindutako diru kopuruaren %25 bideratzen dute Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintza sendotzera 2013. urtetik.

Udazkeneko kanpaina abian da pasa den larunbatetik, eta azaroaren 12ra arte iraungo du. Tarte horretan, herritarrek aukera izango dute Errigora saskiak erosteko, eta hala, euskarari laguntzeko. Zainzuriak, orburuak, olioa, kardua, ardoa, barazki-menestra, patxarana eta gozoak bezalako jakiak daude aukeran.

Oraingoan are elkartasun gehiago

Kanpaina garai berezian dator. Izan ere, COVID-19 gaitzak eragindako krisiagatik bertan behera gelditu dira euskalgintzaren zati batentzat diru iturri garrantzitsuak diren egitasmoak, hala nola ikastolen jaiak eta 2021ean ospatzekoa zen Korrika.

Hain zuzen, Errigorako arduradunek jakinarazi dute aurten "elkartasuna biderkatu" nahi dutela. "Egoera honen aurrean ardura hartu nahi izan dugu eta, beraz, saski bakoitzeko bost euroko ekarpen gehigarria eskatuko diegu herritarrei". Laguntza hori AEKri, Seaskari eta Sortzeni emango diote. Saski beltzak 55 euro balioko ditu, eta trukean, saskiaz gain Korrikaren katilua jasoko du erosleak. Saski berdeak 65 euro balio ditu, eta Seaskaren egutegia ere jasoko dute eskatzaileek. Saski zuria, azkenik, 75 euroan dago salgai. 

Euskarari puzka izena du udazkeneko kanpainak, eta informazio gehiago eskuragarri dago errigora.eus atarian.  

Azpeitian bost eragile

Herriz herri, hainbat eratako eragileek egiten dute bat kanpainarekin, eta Azpeitian bost tokitan eska daitezke saskiak: Elikagunean, Baigeran, Ikasberri Ikastolan, Orkatz kultur elkartean eta Soreasuko Dinamoan.

Urola Kostan, guztira hogeita bost tokitan jaso ahalko dira Errigora saskiak:

Azkoitia. AEKn, Etxe-aitz tabernan, Hizki papertegian, Lujanen, Oreka bioelkartean, eta Maxixatzenen.
Orio. Orioko Ikastolan.
Zestoa. AEKn eta Portale kultur elkartean.
Zarautz. AEKn, Eguzki tabernan, Lakarin, Orokieta Ikastetxean, Oteitza Lizeoan, Salbatore Mitxelena Ikastolan eta Errigora gunean
Zumaia. AEKn, Ilargi tabernan, Inpernupe tabernan eta Errigora gunean.

Zer dakar saski bakoitzak?

-Saski beltza (55 euro)
Orburuak
Pikillo marmelada
Pikillo piperrak
Zainzuri zuriak
Teilak
Tomate frijitua
Mertxika almibarretan
Oliba-olio birjina estra
Kardua
Mahats-zukua
Botila ardoa
Piper-mamia
+
Korrikaren katilua

-Saski berdea (65 euro)
Txitxirioak
Ardo-ozpina
Oliba-olio birjina estra
Barazki-menestra
Pasta
Orburuak
Pikillo piperrak
Arroza
Zainzuri zuriak
Botila ardoa
Udare-zukua
+
Seaskako egutegia

-Saski zuria (75 euro)
Orburuak
Pikillo piperrak
Zainzuri zuriak
Botila kriantza
Txokolatezko zigarretak
Patxaran-pastak
Patxarana
Oliba-olio birjina estra
Ardo zuri apartsua
Arbendol-polboroiak
+
D ereduaren hazia (Sortzeni laguntza)

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide