Martxan da Esklabetako eraikinean alokairu sozialerako 48 etxebizitza eraikitzeko obren lizitazioa

Ihintza Elustondo 2020ko urr. 27a, 11:56
(Azpeitiko Udala)

Lizitatzaileak 48 apartamentu eraiki beharko ditu, gehienez ere 30 hilabeteko epean. Obrak 6.472.859,76 euroko hasierako aurrekontua du, eta interesatuek azaroaren 22ra bitartean izango dute proposamenak aurkezteko epea.

Esklabetako eraikinean alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko tramiteak aurrera doaz, eta Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, martxan jarri dute obren lizitazioa. Obrak 6.472.859,76 euroko hasierako aurrekontua du, eta interesatuek azaroaren 22ra bitartean izango dute proposamenak aurkezteko epea. Lizitatzaileak 48 apartamentu eraiki beharko ditu, gehienez ere 30 hilabeteko epean.

Azpeitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak sinatuta dute Esklabetan alokairurako etxebizitzak eraikitzeko hitzarmena. Obren tramitazio guztia egin ostean, prozesua exekuzio fasean sartu da, eta lizitazioa jarri dute abian.

"Pozteko albistea"

Nagore Alkorta alkatearen arabera, "oso garrantzitsua" da obrak lizitatzera atera izana herriarentzat: "Tramiteen fasetik exekuzio fasera pasatu gara. Gauzak ondo bidean, etxeak eraikitzeko obrak hilabete gutxiren barruan hasiko dira. Pozteko albistea da hori". Hark azaldu duenez, eraikiko dituzten etxeek etxebizitza publikoaren eskaintza osatuko dute: "Inbertsio garrantzitsua izango da, etxebizitza beharrari, eta, batez ere, gazteen emantzipaziorako etxebizitza beharrari erantzungo diolako".

Esklabetako eraikina udalarena da 2013az geroztik, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra onartu baitzuen erakundeak urte horretan. Alokairu sozialera bideratuko den guneak, guztira, 7.951 metro koadro ditu, eta etxebizitzak egiteaz gain, ingurua ere urbanizatuko dute.