Beste bi astez luzatuko dituzte Munategiko biribilgunean irlatxoak eraikitzeko lanak

Biribilgunean irlatxoak eraikitzeko lanak. (Nerea Uranga)

Azaroaren 12an amaituko dituzte lanak. Orain arte moduan, Azkoititik Basarte industriagunera sartu nahi dutenek Loiolako biribilguneraino joan beharko dute noranzkoa aldatzera; eta Basartetik Azpeitira joan nahi dutenek, Txerloiako biribilguneraino.

Gipuzkoako Foru Alundiak adierazi duenez, beste bi astez luzatuko dituzte Munategiko biribilgunean irlatxoak eraikitzeko lanak. Hori dela eta, trafikoan aldaketak izango dira azaroaren 12ra bitartean; hain zuzen ere, Azkoititik Basarteko industriagunera eta Basarteko industriagunetik Azpeitira zuzenean sartzeko ezkerrerako mugimenduak debekatu egingo dituzte.

Ondorioz, Azkoititik Basartera sartu nahi dutenek Loiolako biribilguneraino joan beharko dute noranzkoa aldatzeko; eta Basartetik Azpeitira joan nahi dutenek Txerloiako biribilgunean aldatu beharko dute noranzkoa. Hilaren 16an hasi ziren irlatxoak eraikitzeko lanak, eta Excavaciones Peru S.L. enpresa hari da lanok gauzatzen.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide