'Zuhaitza' gazteentzako liburua argitaratu du Aitor Aranak

Ihintza Elustondo 2020ko urr. 26a, 15:53

Aitor Arana (Legazpi, Gipuzkoa, 1963) Urrestillako bizilagunak Zuhaitza liburua aurkeztu du gaur, Donostian. Bi lagunen arteko adiskidetasun istorioa kontatzen du lanak, eta esperantoaren inguruko gogoeta ere egiten du.

Zuhaitza liburua (Erein) argitaratu du Aitor Arana idazleak, eta gaur aurkeztu du Donostian.  Perzebal sailean sartu dute lana; eta, beraz, 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako eleberria da. Inazio Mujika Iraola Ereineko editoreak azaldu duenez, bi lagunen arteko istorioa kontatzen du liburuak: "Adiskidetasun istorio bat da, elkartasun istorio bat, eta norberak bere buruarengan konfiantza izateaz ere hitz egiten du. Gainera, bi kultura ezberdinen arteko harremana agertzen da: Afrikan dagoen lagun bat eta Euskal Herritik ari den bat dira protagonista". Editorearen arabera, "elementu kurioso bat" ere badu eleberriak: esperantoaren erabilera. "Egilea Aitor Arana izanda, ez da harrigarria kontakizunean esperantoa txertatu izana".

Aranak berak azaldu du zergatik erabaki duen esperantoa eleberrian txertatzea. "Beste idazle asko bezala, ikastetxeetan saioak egiten ibiltzen naiz, eta badaramatzat hamar urte edo gehiago horretan. Beti oso esperientzia atsegina izan da hori niretzako; egia esan, asko ikasi dut ikasleen bidez: zer gustatzen zaien, zer irakurriko luketen, nolako hasierak eta nolako amaierak gustatzen zaizkien...". Saio horietan, beti galdera bat erantzutea tokatu izan zaiola dio Aranak: "Saioen %99an galdetzen didate: "Esperantoz omen dakizu, eta zer da esperantoa?". Horregatik, beti izan du buruan Zuhaitza bezalako liburu bat idaztea. "Irakurleek beti egiten dituzten galdera horiek erantzunak izan ditzatela nahi nuen, eta esperantoaren inguruko gogoeta txiki bat dago liburu honetan, oinarrizko datuak ematen dituena, abenturaren barruan txertatuta". Horrek gauza batzuk argitzeko balioko duela pentsatzen du Aranak: "Espero dut, hemendik aurrera, ikastetxeetara saioak egitera joaten naizenean, hainbat galdera erantzunda egongo direla eta ez ditudala azalpenak hamaika aldiz errepikatu beharko".

Norbere buruarekiko fedeaz

Editoreak esandakoak berretsiz, Aranak azaldu du liburuan zutabe garrantzitsuak direla adiskidetasuna eta norberak bere buruarekiko izan beharreko fedea. "Nik bigarren horretan jarriko nuke indarra. Benetan sinesten dut norbere buruarekiko fedea izan nahi duenak ahal duela ia beti; beti ez, baina bai ia beti. Eta, orduan, bi gai horiek uztartuta, liburu hau atera da".

Aranak eskerrak eman dizkio Erein argitaletxeari, "horrelako liburu bat argitaratzeko ausardia izateagatik". Idazleak adierazi duenez, "jarrera asko eta oso desberdinak" ikusi ditu esperantoaren inguruan, irakasleen artean eta. "Batzuek oso aldeko jarrera erakusten dute, eta beste batzuek guztiz oker pentsatzen dute: 'Hau ingelesaren aurka hitz egitera etorri da', entzutea ere tokatu izan zait. Liburu honen bidez, gai horren inguruko zalantza guztiak argituta geldituko direla espero dut".