Garaipen gozoa erdietsi du Juaristi ISBk asteburuan

Anartz Izagirre 2020ko urr. 26a, 10:52
Atzoko partidako irudi bat. (Iraurgi ISB)

106-74 nagusitu zen etxeko taldea NCS Alcobendas taldearen aurka. Azken egunetako osasun eta segurtasun neurriak medio, publikorik gabe jokatu zuten partida.

Juaristi ISB aise nagusitu zen atzo, igandea, NCS Alcobendas taldearen aurka kiroldegian jokatu zuten partidan. Lehen bi laurdenetan jokaldi politak egin zituzten etxeko jokalariek, eta 57-32 iritsi ziren atsedenaldira. Partidaren bigarren zatian ere Azpeiti-Azkoitiko taldea gailendu zen kantxan, eta 106-74 amaitu zen norgehiagoka. Atzokoan Manuel Alejandro Suarez izan zen saskiratze gehien egin zituen etxeko jokalaria.

Ezohiko irudia nagusitu zen atzo kiroldegian; izan ere, egungo osasun eta segurtasun egoera dela-eta publikorik gabe jokatu zuten partida. Hala eta guztiz ere, norgehiagoka streaming bidez ikusteko aukera izan zuten jarraitzaileek. Atzoko garaipenaren ostean, bigarren postuan dago uneotan Juaristi ISB taldea, eta Grupo Alega Cantabria taldea da liderra. Datorren jardunaldia etxetik kanpo jokatuko dute Juaristi ISBko mutilek, Enerdrink UDEA Algeciras DAM taldearen aurka, azaroaren 1ean.