Koronabirusa Azpeitian

Birusaren bi aldeak

Andoni Elduaien - Ihintza Elustondo 2020ko urr. 26a, 08:19

Tantaka-tantaka, gero eta positibo gehiago ari dira atzematen herrian, eta dagoeneko badira batzuk COVID-19 gaitza pasatu duten herritarrak. Gauza jakina da, ordea, birusak bi aurpegi dituela: batzuek sintomarik gabe pasatzen dute, eta beste batzuk gogor kolpatzen ditu gaitzak. Iraide Leundak (Azpeitia, 1999) eta Lukas Olaizolak (Azpeitia, 1967) beren esperientzia azaldu dute; batak ez du ia sintomarik nabaritu, eta bestea ZIUn egon da.

Iraide Leunda: "Gure kuadrillan hamarrek eman genuen positibo, eta hiruk-edo ez genituen sintomak izan"

"Abuztu erdialdean kutsatu nintzen. Errioxan [Espainia] nengoen, eta lagun batek esan zigun sukarrarekin esnatu zela; lagun horren kontaktu zuzena izan nintzen ni, berarekin hondartzara joan bainintzen. Hori jakitean, Azpeitira itzuli nintzen, PCR proba egitera. Emaitza jakin arte, nire senitarteko baten etxean konfinatu nintzen, ni bizi naizen etxean familiakoak zeudelako, eta haiek ez kutsatzeko. Nire senitarteko horren etxea une horretan libre zegoen, eta horregatik joan nintzen hara. Positibo eman nuela esan zidaten.

Ni ondo nengoen, ez neukan sintomarik, eta, egia esan, ez nuen espero positibo ematerik. Izan ere, ez nuen izugarrizko kontakturik izan positibo eman zuen lagun horrekin. Haren atzetik, kuadrillako dezentek eman genuen positibo, eta horietako gehienek sintomak izan zituzten, nahiz eta arinak izan: sukarra eta buruko min pixka bat, baina ezer handirik ez. Nik hamar egun normal-normal eman nituen. Zortea izan nuen, kuadrillako lagun askok eman genuelako positibo, eta aldi berean egon ginelako konfinatuta. Horrela errazago eramaten da berrogeialdia: bideo deiak egiten genituen, Whatsappez hitz egiten genuen... Elkarren babesa genuen. Ez litzateke gauza bera izango berrogeialdia bakar-bakarrik egitea eta lagunak kalean dabiltzala jakitea. Lagun asko ginen egoera berean geundenak, eta, gainera, denok nahiko ondo egon ginen. Beraz, ez geneukan gure osasunarekiko kezka handirik.

Gure kuadrillan hamarrek eman genuen positibo. Gehienek sintoma arinak izan zituzten, eta beste hiruk-edo ez genuen sintomarik izan; ni izan nintzen horietako bat. Nik, gerora, zortzigarren egunean edo, antzeman nuen usaimena galtzen ari nintzela. Baina ezer handirik ez nuen nabaritu; bestela, oso ondo nengoen. Dagoeneko berreskuratu dut usaimena.

Azkenerako gogorra egin zitzaidan etxean sartuta bakar-bakarrik egotea. Hainbeste denbora etxean sartuta, ez nekien zer egin. Sekula egin ez nituen gauzak egin nituen; liburu bat irakurri, esaterako. Kirola ere egiten nuen. Egia esan, hiru hilabeteko konfinamendua nahiko ondo eraman nuen, askoz ere arinagoa egin zitzaidan; unibertsitateko lanak egiten nituen, familiarekin mahai jolasetan ibili, kartetan... Aurrez aurreko elkarrizketa bat izateak ere asko laguntzen du berrogeialdia eramaten, eta nik ez neukan inor etxean. Guztira, hamahiru egun egin nituen konfinatuta, eta hori sumatzen nuen faltan: baten bat izatea ondoan kartetan aritzeko edo edozertarako. Bakar-bakarrik egote hori egin zitzaidan gogorra.

Era berean, ordea, zortea izan nuen etxe guztia niretzako izan nuelako. Nire lagun batzuk logelan sartuta egon ziren, eta uste dut hori are gogorragoa egingo zitzaidala.

Udan, Azpeitian agerraldia izan zenean, gu izan ginen positibo eman genuen aurrenetarikoak. Azpeitian jendeak badaki gure kuadrillakoak izan ginela aurrenetarikoak positibo ematen; horregatik ezagunak egin gara [barreak]. Lehenengoak izate hori nahiko gogorra egin zitzaigun; izan ere, ez genekien nola kutsatu ginen. Dena berria zen orduan, informazio falta geneukan... Jendeak brometan esaten zigun: ‘Zuek izan zarete gaitza Azpeitira ekarri duzuenak’. Baina pentsatzen jarrita, gure kuadrillan inor ez zen kanpoan ibili. Azpeititik kanpora inor ez ginen ibili, eta ez genuen ulertzen nola kutsatu ginen. Seguru aski, Azpeitian ere egongo ziren kasuak ordurako. Zaila da jakitea gaitza nola iritsi zen gure lagunartera.

Zortea izan dugu gaitzak gutxi eragin digulako. Orain, antigorputzen probak egin dizkigute batzuei, eta nik, adibidez, badakit antigorputzak baditudala. Esan digute sei hilabetez babestuko gaituztela antigorputz horiek. Alde horretatik, lasai ibil naiteke, nahiz eta neurriak berdin-berdin hartuko ditudan. Orain, positiboren batekin kontaktu zuzena izaten banaiz, ez daukat konfinatu beharrik. Horrela, besteak beste, badakit unibertsitateko saioak ez ditudala galduko, eta lasaitasuna ematen du horrek.

Bigarren olatu handi honen aurrean, ni neu lasai nago, neure buruari dagokionez, baina egoerak asko kezkatzen nau. Ez dakit kontua okerrera joango den edo zer gertatuko den. Baina positiboak azaldu eta azaldu ari dira, eta nire inguruan inork ez du benetan gaizki pasatu, baina ingurukoren bati gaitzak gogor erasaten badio... Horrek kezkatzen nau benetan. Adibidez, adinekoen egoitzan dugu amona, eta gaitza hor barruan sartzen baldin bada... Kezkatuta nago horrekiko. Azpeitian hainbeste positibo egonda, ez da hain arraroa izango langileren batek harrapatzea, eta hori gertatuz gero, egoitza barrura sartuko litzateke, eta... Jende helduak dauka arriskurik handiena, eta horrek kezkatzen nau gehien.

Etxean konfinatuta hamar egun pasatu behar dituenari animo asko emango nizkioke. Ondo gauden bitartean, ez dago kexatzerik, eta gaizki bagaude, ea buelta ematen diogun egoerari".

Lukas Olaizola: "Medikuek ni intubatu edo ez zalantzak izan zituzten"

"Abuztuaren 12an sukarrarekin hasi nintzen, eta hurrengo egunean eman nuen positibo PCR proban. Emaztearen aldeko familiatik etorri zen gurera gaitza. Emazteak nabaritu zuen zerbait lehenengo, eta, gero, ni ere sukarrarekin hasi nintzenean, neuk ere gaitza izan nezakeela ohartu nintzen. 

Positibo eman nuenean, sukarra ezin jaitsita ibili nintzen; horrekin batera, sekulako buruko mina izan nuen. Pilulak hartzen ibili nintzen zortzi ordutik behin. Andramari bezperan inoiz baino hobeto esnatu nintzen, eta neure artean pentsatzen nuen ondo nengoela. Eguerdi aldean, ordea, egundoko buruko mina hasi zitzaidan berriz ere, eta sukarra ere banuen. Buruko mina desberdina zen; buru gainean nuen mina. Etxekoak bustitako zapiak buruan jartzen hasi ziren freskatzeko, baina 23:00ak aldera, egoera normala ez zela pentsatuta, semearekin batera Zumarragako Ospitalera joan nintzen. Han erradiografia egin zidaten, eta pneumonia nuela esan zidaten. Berehala ospitaleratu ninduten.

Zumarragako Ospitalean hamar egun egin nituen. Egunero esnatzen nintzen sukarrarekin eta buruko minarekin; ez zuten horiek kentzea lortzen. Sendagileek pneumonia moderatua nuela esaten zidaten Zumarragan, eta neure artean uste nuen ondo joango zela kontua. Egun batean, ordea, esan zidaten Donostiako Ospitalera eramango nindutela, hango mediku batek nire egoera zein zen ikuskatzea nahi zutelako. Egoera ona bada, oxigenoak neurgailuan 95-100 artean markatu behar izaten du, baina hurrengo egunean kolpetik 89ra jaitsi zitzaidan. Medikuak hori ikusi zuenean pneumonia larria nuela esan zidan, eta medikalizatutako anbulantzia batean Donostiako Ospitalera eraman ninduten. Donostian Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) sartu ninduten segituan.

Beste hamar egun pasatu nituen Donostian, ZIUn. Lehen egunean kendu zizkidaten buruko mina eta sukarra. Donostiara larri joan nintzen eta beste hiru egun pasa nituen egoera larrian; medikuek ni intubatu edo ez zalantzak izan zituzten. Une oro nintzen egoeraren jakitun. Egonaldia, oro har, luzea egin zitzaidan. Egunero etxekoekin telefono bidez hitz egiten nuen, orduan ez baitzegoen bisitak egiterik; txarra zen eguneko 24 orduak bakarrik pasatzea. Gerora hasi ziren kristaletik begiratuta bisitak egiteko aukera ematen; emaztea egoten zen han hamar minutuz, eta mugikor bidez hitz egiten genuen. Azkenean, medikuek ni ez intubatzea erabaki zuten, eta hurrengo egunetik aurrera, poliki-poliki, hobetzen hasi nintzen. Sendagilea bera ere harrituta gelditu zen. Erizainek-eta esaten zidaten sekulako zortea izan nuela, han zeuden gaixo guztiak intubatuta zeudelako. 

ZIUtik atera ondoren, ospitaleko gela arrunt batera eraman ninduten. Medikuek ikusi ninduten, eta ZIUtik ateratako gaixoa izateko oso ondo nengoela esan zidaten. Birikak aztertu zizkidaten, eta oso garbi nituen. Harrituta gelditu ziren medikuak egoera azkar gainditu nuelako. Hori ikusita, oxigenorik gabe nola arnasten nuen begiratu zidaten, eta 97-98 artean eman nuen, ohikoaren barruan. Horrela jarraituz gero etxera bidaliko nindutela esan zidaten, eta beste hiru egun gehiago pasatu nituen ospitalean.

Etxera etorrita, berriz, galdutakoa errekuperatzen hasi behar izan nuen, pixkanaka. Gihar guztiak galdu nituen; guztira, hamar kilo. Oso ahula etorri nintzen ospitaletik. Hamar egunean etxetik ez irteteko esan zidaten, eta etxeko balkoian ordu erdi bat egiten nuen oinez. Orain, kalean paseoak egiten hasi naiz, eta asko hobetu naiz. Giharrak indartu zaizkit, nahiz eta oraindik hauspoa falta dudan. 

Jendeak ez dio gaiari behar bezalako garrantzirik ematen. Ospitalean nengoen egun batean, emazteak bikote batekin egin zuen topo kalean. Nire kasuari erreferentzia eginez, ‘aho asko itxi ditu’ esan omen zioten haiek nire emazteari. Ez dakit jendeak ez duen sinesten edo ez den kontziente, baina nik ez diot inori horrelakorik opa. Positibo ematen dutenek gaitza arin pasatzea nahiko nuke, ni bezalako egoera pasatu gabe".