Koronabirusa Azpeitian

Alarma egoera ezarri du berriz ere Espainiako Gobernuak

Andoni Elduaien 2020ko urr. 25a, 14:33
Pedro Sanchez, Espainiako presidentea. (Argazkia: PSOE)

Besteak beste, 23:00etatik 06:00etara bitartean etxeratzeko agindua eman du Espainiako Gobernuak. Alarma egoera datorren maiatzaren 9ra arte luzatzeko asmoa duela jakinarazi du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak.

COVID-19 pandemiari aurre egiteko lehen alarma egoera ezarri zenetik zazpi hilabetera, gaur, urriak 25, Espainiako Gobernuak bigarren alarma egoera onartzea erabaki du. Gaur goizean egin dute Espainiako Ministro Kontseilu berezia, eta tokian tokiko lurraldeetan derrigorrez bete beharreko gutxieneko neurriak iragarri dituzte.

Espainiako Gobernuaren neurrien artean daude biltzeko eskubidearen mugatzea, lurralde batetik bestera mugitzeko debekua eta gaueko etxeratze agindua; ordu txikietako mugikortasuna saihestu nahi dute, eta 23:00etatik 06:00etara bitartean etxeratzeko edo konfinatzeko agindua eman du Espainiako Gobernuak. Ordutegi hori ordu betez aurreratu edo atzeratu ahal izango dute agintari eskudunek, baina inoiz ez kendu. Lurralde batetik bestera mugitzea ere debekatu dute; justifikatutako kasuetan bakarrik baimenduko dute, adibidez, medikuarenera, eskolara edo lanera joateko. Biltzeko eskubidearen inuguruan Espainiako Gobernuak azaldu du, bizikideen kasuan izan ezik, sei lagunek izango dutela gehienez biltzeko aukera. Neurriok hamabost eguneko epean bete beharko dira momentuz.

Hego Euskal Herriko agintariek –Maria Txibitek eta Iñigo Urkulluk–, esaterako, alarma egoera ezartzeko eskaera egin zioten Sanchez Espainiako presidenteari, koronabirusaren hedapena saihesteko neurri murriztaileak beren gobernuetatik zuzentzeko. Neurri murriztaile horiek ezarri ahal izateko, ordea, babes juridikoa behar dute lurralde bakoitzeko agintari eskudunek, alarma egoera kasu. Hori horrela, lurralde bakoitzeko agintariek egoera kudeatzeko eskuduntza izango dute. Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko buruek erabaki propioak hartzeko aukera izango dute, beraz.

Maiatzera arte?

Pandemia garaiko bigarren alarma egoera ez da martxokoa bezain gogorra izango, ez baitute etxeratze agindu osorik eman. Espainiako Gobernuak hartu dituen neurriak hamabost egunetan bete beharko dira, baina alarma egoeraren iraupena sei hilabetekoa izatea nahi du Espainiako Gobernuak, zehazki, 2021. urteko maiatzaren 9ra artekoa.

Espainiako Gobernuak alarma egoera luzatu ahal izateko ez du nahi bi astetik behin Kongresuan bozketa egitea, eta horregatik, gaurko dekretuan jaso dute alarma egoera epe luzean indarrean izateko beharra. Hala eta guztiz ere, Espainiako Gobernuak hamabost eguneko alarma egoera ezarri ahal izango du momentuz gaur onartu duten dekretuarekin. Hamabost egun pasatu ondoren, Espainiako Kongresuak bozketa bidez onartu beharko du Gobernuaren proposamena. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak azaldu du bozketa datorren astean egitea aztertuko dutela asteartean egingo duten Ministroen Kontseiluan.