Marrazki digitalak, pasio

Maialen Etxaniz 2020ko urr. 25a, 13:51

Azken asteotan Sanagustin kulturguneko hormetan zintzilik eta ikusgai izan dira Zack Artabideren (Azpeitia, 2005) marrazkiak. Koloretsuak izateaz gain, bereziak dira Azpeitiko gaztearen irudiak, horietako batzuk eskuz egindakoak diren arren, beste asko digitalki sortutako marrazkiak baitira. Artabiderekin solasean aritu da Uztarria. 

Sortzea “ikaragarri” gustatzen zaio Artabideri, eta badu horretarako gaitasun berezi bat. Asko dira etxean gordeta dituenak marrazkiak, eta hark duen abilezia ikusita, haren ingurukoek erakusketa jartzera animatu zuten. Gaztelekuko arduradunekin harremanetan jarri ostean, erabaki zuten gaztearen lanak Sanagustinen ikusgai jartzea.

Artabidek azaldu duenez, txikitan hasi zen marrazten, eta orduz geroztik mantentzen du zaletasuna. “Haurra nintzela marrazki bizidunak ikusten nituen, eta ikusitako pertsonaiak marrazten hasi nintzen”, kontatu du gazteak. Gaur egun ere marrazki bizidunen zalea da Artabide. Hark azaldu duenez, hainbat marrazketa estiloetan ondo moldatzen da, baina gehien atsegin duena cartoon estiloa  dela dio: “Denetarik egiten dut. Marrazki batzuk errealistagoak egiten ditut, eta beste batzuk cartoon estilokoak edo. Horiek askoz ere gehiago gustatzen zaizkit. Azken urteetan denetarik probatzen aritu naiz, baina dagoeneko gustukoen dudan estiloa aurkitu dudala pentsatzen dut. Cartoon estiloko marrazkiak biziagoak direla iruditzen zait, eta expresioak esajeratzeko aukera gehiago ematen dute. Hori asko atsegin dut”.

Zaletasuna eta formakuntza

Artabidek etxean orduak pasatzen ditu marrazten, baina etxetik kanpo ere aritzen da. Hain zuzen, Diartera joaten da astean behin, eta ordu eta erdiz aritzen da sortzen, gainerako lagunekin batera. “Nahi duguna sortzeko aukera dugu han, eta material desberdinak erabiltzen ditugu. Dena den, nahiz eta guk erabakitzen dugun zer marraztu, Diartekoek aholkuak ematen dizkigute, ahalik eta ondoen marrazteko”, kontatu du. “Eskolan ere marrazten dut, matematikako koaderdoaren atzeko aldean eta”, dio, barrez.

Eskuz egindako marrazkiak nahiz marrazki digitalak sortzen ditu Artabidek, eta azken horiek bereziki gustatzen zaizkio. Zaletasun horretatik abiatuta, bere kabuz ikasi du marrazkiak digitalki sortzen. “Marrazki digitalak ordenagailuan edo tabletean sortzen ditut, programa desberdinak erabiliz.  Esaterako, orain dela gutxi Diseinua eta pertsonaiak  izeneko ikastaro bat egin nuen. Batzuetan pertsonaiak erreproduzitzen ditut, baina beste batzuetan neure imaginaziotik sortutako pertsonaiak marrazten ditut. Hau da, imaginaziotik tiratzen dut; istorioak sortzen ditut eta imaginatutako pertsonaiak sortzen ditut.  Askotan, ikusten ditudan umorezko telesailetan inspiratzen naiz marrazki digitalak egiterakoan”, kontatu du Artabidek.

Aurrera begirako asmoez galdetuta, arlo horri lotutako ikasketak egitea nahiko lukeela dio Artabidek. “Gustatuko litzaidake batxilergo artistikoa egitea, eta horren ostean arte ederretako ikasketak egitea unibertsitatean, animazio arloan sakonduta. Ikaragarri gustatuko litzaidake Iluminationekin edo Cartoon Networkekin lan egitea. Ederra izango zen”.

Asteartera arte egongo dira ikusgai gazte azpeitiarrak sortutako marrazkiak Sanagustin kulturgunean. Artabidek ez du baztertzen aurrerago beste erakusketa bat jartzearen ideia. “Denborak esango du”, dio. Hala ere, ikusgai dagoen erakusketak izan duen harrera ikusita pozik dago azpeitiarra: “Jendeak esan dit gustatu zaizkiola egindako marrazkiak, eta horrek marrazten jarraitzera animatzen nau”.