Koronabirusa Azpeitian

Udalak segurtasun neurriak zorroztu ditu hainbat zerbitzutan

Ihintza Elustondo 2020ko urr. 24a, 17:29
Igerilekuan, kale bakoitzean pertsona bakarra ibiliko da aurrerantzean.

COVID-19 kasuak herrian ugaritzen ari direnez, Azpeitiko Udalak neurriak zorroztu ditu hainbat zerbitzutan. Kirol instalazioen erabileran, liburutegian, Emakumeen Txokoan eta Udal Euskaltegian izango dira aldaketak.

Koronabirus kasuak ugaritzen doaz egunez egun, eta datu kezkagarriak ikusirik, Azpeitiko Udalak hainbat neurri berezi hartu zituen atzo –ostirala–. Ondorioz, hainbat zerbitzutan aldaketak izango dira. Neurri horiek kirol instalazioetako, liburutegiko, euskaltegiko eta Emakumeen Txokoko erabiltzaileei eragingo die. Herriko eragileekin ere harremanetan da udala, eta erakundearen arabera, eragile denek beren jarduna etetea edo protokolo neurriak zorroztea erabaki dute.

Kirol instalazioei dagokienez, igerilekuko eta gimnasioko edukierak murriztu dituzte. Igerilekuan, kale bakoitzean pertsona bakarra ibiliko da; igerileku txikian bi familia egon daitezke aldi berean. Gimnasioan, berriz, guztira 30 lagun elkartuko dira gehinez (hamabost kardioan eta hamabost fitnessean), eta pertsona bakoitzak astean ordubeteko hiru txanda hartzeko aukera izango du. Horrez gain, kirol jarduerak bertan behera gelditu dira, behin-behinean. Teniseko, padeleko eta mahai teniseko guneek bi laguneko edukiera dute. Saskibaloi kantxan, saski bakoitzeko pertsona bat ibiliko da, eta futbol zelaian, ate bakoitzeko pertsona bat. Neurri horiek zorrotz betetzeaz gain, zerbitzua jasotzerakoan eskuak garbitu eta maskara jantzi behar direla (kirola egiterakoan salbu) gogorazi diete herritarrei.

Azpeitiko Udal Euskaltegian ere segurtasun protokoloak zorroztu dituzte; aurrez aurreko saio kopurua murriztuko dute, ikasleen segurtasuna bermatzeko. Emakumeen Txokoan, berriz, aurreikusten diren ekintzak streaming bidez egiteko asmoa dute; hori posible ez bada atzeratu egingo dituzte. Era berean, hainbat ikastaro online eskainiko ditu Emakumeen Txokoak, eta beste batzuk behin-behinean eten egingo dituzte.

Eragileekin elkarlanean

Udalak azaldu duenez, "egunez egun" jarraituko dute herriko datuen bilakaera, eta "beharrezko neurriak hartzen edo egokitzen" jarraituko dute. Horrez gain, atzotik kultur, kirol zein eragile sozialekin erronda bat egiten ari da erakundea. Eragile guztiek udalaren irizpideekin bat egin eta beren jarduerak etetea edo orain arteko protokoloak zorroztea erabaki dute.