Probarik ez, entrenatu bai

Ihintza Elustondo - Nerea Uranga 2020ko urr. 25a, 08:23

Martxoaz geroztik, bertan behera gelditu dira atletismoari lotutako proba gehienak. Horrek zuzenean eragin die herriko korrikalariei, eta egoera berrira nola moldatu diren kontatu dute hiru lagunek. Maite Etxezarreta eta Xabier Lasa korrikalari azpeitiarrek nahiz Pedro Muñoz atleta eta Xeyeko kideak –Azpeitiko bizilaguna da– beren bizipenak azaldu dituzte.

Maite Etxezarreta: "Dagoena onartu dut, eta entrenatzeko ari naiz aprobetxatzen egoera"

"Entrenatzeko ari naiz aprobetxatzen egoera. Tarteka antolatu dituzte lasterketa batzuk, baina askoz lehenago ezin da aurreikusi zer proba jokatuko diren. Horregatik, etsi-etsian, entrenatzen ari naiz, neure erara. Egia esan, gustura nabil; beste modu batera, baina ondo. Txipa aldatu dut. Onartu dut ezer ez dela egongo aurten, eta nahiz eta noizean behin proba batzuk antolatzen dituzten, entrenamenduetan zentratu naiz; horretaz gozatzen ari naiz.

Ez dut egin lasterketarik konfinamendu garaitik. Gainera, aurrera begira, ez dut probarik buruan. Donostiako maratoia egin nahi nuen, eta azken momentura arte izan dut jokatuko zen esperantza. Dena den, ez dute egin proba hori ere, eta 2021. urtera arte entrenamenduez gozatuko dudala erabaki dut.

Konfinamendu aurretik bezala ari naiz entrenatzen, berdin-berdin; modua ez dut aldatu. Agian, orain denbora gehiago daukat indar ariketak eta lehen gutxiago egiten nituen beste gauza batzuk egiteko, eta horiek gauzatzen ari naiz. Baina, bestela, lasterketetan parte hartzen ariko banintz bezala ari naiz entrenatzen.

Konfinamenduan eliptikarekin aritu nintzen, batez ere. Gogorra izan zen, baina pasatu zen, eta kito. Orain, espero ez gaituztela berriro konfinatuko.

Korrikalarien artean, denetarik ikusten dut inguruan. Batzuk nahiko etsita ikusten ditut, eta beste batzuk ari dira lasterketa txikiak bilatzen. Nik etsi dut eta kito; nahikoa sinple hartu dut kontua. Onartu dut hauxe dagoela eta entrenatzeko aprobetxatu dut. Entrenamendu hauek, agian, hurrengo urtean emango dituzte fruituak; horren esperoan geldituko gara. Bestela, bitartean, dagoenarekin gozatuko dugu, eta kito".

Xabier Lasa: "Niri ez dit asko eragin koronabirusak ekarri duen egoerak"

"Ez daukat presio handirik, eta aurten ez nuen probarik buruan; ez behintzat lehiatzeko edo denbora jakin bat lortzeko asmorik. Hementxe inguruan nabil korrika, eta igerilekura ere joaten naiz lasterka egitera. Korrika banabil, baina ez dut helburu zehatzik buruan. Lasterka ia egunero egiten dudan arren, beste modu batera hartu dut kirola, lasaiago.

Urteak ere badoaz pixkanaka aurrera, eta ez daukat lehengo motibazio handi hori. Astean sei aldiz beti egiten dut korrika, eta agian asteazkena hartzen dut jai, hankek-eta atseden pixka bat hartzeko.

Niri ez dit asko eragin koronabirusak ekarri duen egoera honek. Pena hartzen dut beste korrikalariengatik, ezin dutelako probetan parte hartu. Gainera, tristea da atletismoko probarik ez dela jokatzen ikustea. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia ez dela jokatuko jakiteak pena eman zidan, adibidez. Banuen proba horretan ateratzeko asmoa, baina ez denbora egitera; norbaiti laguntzera edo aterako nintzatekeen agian... Baina halaxe tokatu da, eta aurrera egin beharko dugu".

Pedro Muñoz: "Aurrera begirako planifikazio bat egitea zaila da gaur egun"

"Krosak erabat bertan behera gelditu dira edota probak atzeratu egin dituzte; esaterako, martxoan jokatzekoa zen Munduko Kros Txapelketa ere bertan behera gelditu da. Euskal Herrian, aurtengo kros denboraldiko lehen lasterketa azaroaren 1ean jokatzekoa zen Lasarte-Orian, baina dagoeneko bertan behera utzi dute proba hori.

Nire irudipena da aurten ez dela jokatuko da kros txapelketarik. Nazioarteko krosen artean, berriz, Atapuercakoa-eta bertan behera utzi dituzte. Atapuercan hamabi-hamalau lasterketa jokatzen dira egun berean, eta milaka korrikalarik parte hartzen dute.

Konfinamendua tarteko jokatu gabe gelditu ziren pistako txapelketa ofizialak ari dira jokatzen orain. Txapelketak neurri ugari hartuta ari dira jokatzen: serie bakarrera, Ikuslerik gabe eta entrenatzaileak harmailetan egon behar izaten du, ez pistan bertan.

Denboraldi honetan, Azpeitian eskolartekoen saiorik ez du hasi Xeyek. Izan ere, Azpeitiko kiroldegian 40 pertsona inguru biltzen ginen, lau urte desberdinetan jaiotakoak. Haiekin atletismoa joku desberdinen bidez lantzen genuen, nahiko leku txikian.

Federatutako atletekin ari gara entrenatzen; Azkoiti-Azpeitiko hamasei korrikalarirekin. Horiei asteko entrenamendu saioa prestatzen diet, eta batzuk beren kasa jarduten dute plan hori aurrera eramaten. Nik jarraipena egiten diet gero.

Gertatzen ari dena da aurrera begirako planifikazio bat egitea zaila dela gaur egun, ez dakigulako hilabete barru zer gertatuko den. Izan ere, batzuek kroserako prestatzen jardun dute, eta orain lasterketak bertan behera gelditu dira; pistakoak, aldiz, egiten ari dira. Berez, ohiko egoeran, datorren hilean kros denboraldia hasiko genuke, eta, segidan, pista estalikoa. Dena den, gazteak dira entrenatzen ari direnak, eta, behintzat, pistan aritzeko interes horrekin ari dira prestatzen. Inportanteena hori da, gazteak entrenatzen ari direla. Lehen ia asteero herri lasterketaren bat izaten zen, eta orain ia guzti-guztiak bertan behera daude utzita".