Koronabirusa Azpeitian

Asteburuko kirol ekitaldi gehienak, bertan behera edo ikuslerik gabe

Maialen Etxaniz 2020ko urr. 23a, 16:50

Lagun Onakeko mutilen lehen taldeak nahiz Juaristi ISBko mutilek ikuslerik gabe jokatuko dituzte asteburu honetako partidak. Gainera, bertan behera utzi dute Lagun Onakek Ugaitz Kerejetaren omenez antolatutako ekitaldia. Maila baxuagoetako partida guztiak bertan behera utzi dituzte, prebentzioz. 

Beste aste batez, COVID-19aren hedapenak hankaz gora jarri ditu astebururako prestatutako hitzorduak, eta datozen egunetan egitekoak ziren kirol ekitaldi gehienak bertan behera utzi edo ikuslerik gabe egingo dituzte Eusko Jaurlaritzak nahiz Azpeitiko Udalak ezarri dituen neurriak tarteko. Egoera epidemiologiko larria duten 5.000 biztanletik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herrietan aplikatu beharreko neurriak zehaztu zituen atzo Eusko Jaurlaritzak. Azpeitiko Udalak gaur goizean lehen orduan egin du bilera. Bertan, COVID-19 gaitzaren hedapena murrizteko herrian aplikatu beharreko arauak aztertu eta zehaztu dituzte

Asteburuko goi mailako kirol ekitaldiak ikuslerik gabe egingo dituzte. Beraz, Lagun Onak Futbol Taldeko mutilen lehen taldeak ikuslerik gabe jokatuko du Espainiako Hirugarren Mailako ligako lehen neurketa. Gainera, bertan behera utzi dute Ugaitz Kerejetaren omenez egitekoak ziren ekitaldia. Lagun Onakek hitzordu berezia zuen prestatuta biharko, klubak ligako lehen neurketa hori baliatu nahi baitzuen abuztuan zendu zen Ugaitz Kerejeta omentzeko. Ostiral arratsaldez erabaki du klubak ekitaldia bertan behera uztea, prebentzioz. 

Juaristi ISBko mutilek ere ateak itxita jokatuko dute Espainiako Zilarrezko LEB Ligako hirugarren jardunaldia. Juaristik Azpeitiko Kiroldegian du hitzordua igandean, eta Alkobendasen aurka neurtuko ditu indarrak, 18:00etan hasita.  

Azkoitia-Azpeitia ISBko emakumeek asteburuan Iruñean Ardoiren aurka jokatu beharreko ligako partida atzeratu egin dute. Izan ere, Azkoitia-Azpeitiako jokalari batek positibo eman zuen koronabirusaren proban, eta horren ondorioz atzeratu dute ligako laugarren partida. 
 

Gipuzkoako Futbol Federazioak ere datozen bi jardunaldiak atzeratzea erabaki du. Horrek eragin zuzena du herriko kluben agendan. Horrenbestez, Ikasberri Kirol Elkarteko zein Lagun Onakeko maila gehienentsuetako futbol taldeen partidak –tartean, Lagun Onakeko neskena– bertan behera utzi dituzte.

Entrenamenduak eta teknifikazioak ere, bertan behera

Asteburuko jardunaldiak ez ezik, Azpeitiko kirol elkarte gehienek bertan behera utzi dituzte hurrengo asteko entrenamenduak eta teknifikazio eskolak. 

Gipuzkoako Futbol Federazioak hartutako erabakien ondorioz, bertan behera utzi dituzte Lagun Onak futbol taldeko nahiz Ikasberri kirol elkarteko maila gehienentsuetako taldeen entrenamenduak. Azpeitiko futbol klubek jakinarazi dutenez, 15 egunez utzi beharko dituzte bertan behera entrenamenduak.

Iraurgi Saskibaloi Taldearen teknifikazio eskolako saio guztiak ere bertan behera utziko dituzte.

Xake saioak ere etenda

Bestalde, Xaputarrak xake klubak ere neurri murriztaileak hartu ditu, COVID-19 gaitza dela eta. Hain zuzen ere, xake ikastaroak etetea erabaki dute, baita entrenatzeko hartuta zituzten egunetan ez elkartzea ere. "Dena lasaitzen denean" berhartuko dituzte saioak.

Erlazionatuak