Koronabirusa Azpeitian

Bertan behera utzi dituzte asteburuko kultur ekitaldi guztiak

Julene Frantzesena 2020ko urr. 23a, 09:38
Soma Cult taldeak Sanagustinen eskaini zuen kontzertuko irudi bat.

Kulturaz kooperatibak bertan behera utzi ditu biharko Ezpalak eta Lemy Rivers taldeen kontzertuak eta asteburuko zinema emanaldiak. COVID-19aren hedapena saihesteko erakundeek ezarri dituzten neurri murriztaileak tarteko utzi dituzte bertan behera asteburuko ekitaldiak.

Astebururako hainbat kultur ekitaldi eta saio zeuden antolatuta herrian, baina COVID-19a dela eta Eusko Jaurlaritzak nahiz Azpeitiko Udalak ezarri dituen neurriak tarteko, horiek denak bertan behera utzi behar ditu Kulturaz kooperatibak.

Bihar, zapatua, Ezpalak eta Lemy Rivers taldeak kontzertua eskaintzekoak ziren Sanagustin kulturgunean. Koronabirusak herrian duen intzidentzia tarteko, baina, bertan behera utzi behar izan dute bi talde horien emanaldia.

Bestalde, bihar, etzi eta etzidamu eskaintzekoak ziren Verano del 85 eta Stardog & Turbocat filmen  emanaldi oro ere bertan behera utzi dute. Asteburuan, beraz, ez da zinema emanaldirik izango Soreasu antzokian.