Auzo-taxi zerbitzua jarri du martxan udalak

Maialen Etxaniz 2020ko urr. 23a, 10:29
Aitor Bereziartua zinegotzia, Azpeitiko auzo alkateak eta zerbitzua eskainiko duten taxilariak. (Azpeitiko Udala)

Auzo-taxi zerbitzuak herrigunerako joan-etorriak taxian egiteko aukera eskainiko die auzoetako eta landa eremuetako bizilagunei, astelehenetik larunbatera. Auzoetan erroldatutako bizilagunek soilik erabili ahal izango dute Auzo-taxi zerbitzua, eta erabiltzaileek txartela atera beharko dute "ezinbestean".

Auzoetako nahiz landa eremuetako bizilagunen "mugikortasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko" asmoz, Auzo-taxi zerbitzua jarri du martxan Azpeitiko Udalak. Proiektu pilotua da Auzo-taxi, eta Azpeitiko auzoetan nahiz landa eremuetan bizi diren herritarrei zuzenduta dago. Izan ere, udalak martxan jarritako garraio zerbitzu berriak herrigunerako joan-etorriak taxian egiteko aukera eskainiko die auzoetako bizilagunei astelehenetik larunbatera bitartean, prezio murriztuan.

Udalak herritarren beharrak ezagutzeko egiten duen Denon Artean prozesu partehartzailean jasotako ideietatik abiatuta hasi ziren Auzo-taxi proiektu pilotuari forma ematen, landa eremuan bizi diren herritarren mugikortasun arazoei konponbidea jartzeko helburuz.

Zerbitzua erabili nahi duten herritarrek erabiltzaile txartela atera beharko dute "ezinbestean", eta horretarako, udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzura joan edo 943-15 72 00 telefonora deitu beharko dute.

Honako auzo hauetan erroldatutako herritarrek atera dezakete Auzo-taxi zerbitzurako txartela: Aratz Erreka, Eizagirre, Elosiaga, Izarraitz, Loiola, Nuarbe, Matxinbenta, Odria, Oñatz, Oñazbidea eta Urrestilla.

Zerbitzuaren inguruko xehetasunak

Auzo-taxi zerbitzua astelehenetik ostiralera 07:30etik 20:30era eta zapatuetan 09:00etatik 20:30era izango da martxan. Zerbitzua erabili ahal izango dute 18 urtetik gorako herritarrek, 12-18 urte bitartekoek –guraso edo tutore baten baimenarekin–  eta 12 urtetik beherakoek –heldu batek lagunduta–.

Prezioa bidaiari kopuruaren araberakoa izango da. Bidaia bakarrik eginez gero, erabiltzaileak hiru euro ordaindu beharko du zerbitzuagatik. Bidaiari bat baino gehiago izatekotan, pertsona bakoitzak 1,5 euro ordaindu beharko du bidaiagatik.

Aitor Bereziartua zinegotziak azaldu duenez, zerbitzu berria aurrera eraman ahal izateko "ezinbestekoa" izan da herriko taxilariekin izandako lankidetza. Era berean, auzoetako bizilagunei dei egin die proiektu berria erabil dezaten: "Zerbitzu honekin landa eremuko herritarren bizi kalitatea hobetuko dugulakoan gaude. Horregatik, bereziki animatu nahi zaitugu zerbitzua erabili ahal izateko izena ematera eta parte hartzera".

Azpeitiko Udalak azaldu duenez, erakundea "ahalegin berezia" egiten ari da azken urteetan landa eremuko mugikortasuna hobetzeko. "Udalak baserri bideak konpontzeko inbertsioa egiten du urtero. Horrez gain, Urrestillarako bidegorria egin da eta autobusak pasatzen diren auzoetako maiztasunak handitzeko ahalegin berezia ere egin da azken urteotan", azaldu du erakundeak. Orain, auzo eta landa eremuetako mugikortasuna hobetzera bidean beste pauso bat eman dute Auzo-taxi zerbitzua martxan jarrita.