Cobra eta Liher, betiko indarra ezohiko agerlekuan

Mailo Oiarzabal 2020ko urr. 23a, 07:56

Asetuta utzi zituzten bi rock taldeek Soreasun joan den larunbat gauean elkartutako ikus-entzuleak.

Ikusmina piztu zuten Cobrak eta Liherrek Azpeitian eman beharreko kontzertuek. Kulturazek Sanagustin kulturgunean iragarri zuen hasieran rock gaualdia; baina COVID-19 garaiotako aforo murriztua aise bete zutela ikusita, kontzertuak Soreasu antzokira aldatzea eta sarrera gehiago ateratzea erabaki zuten. Sarrera guztiak berriro agortuta, sortutako ikusminari ondo baino hobeto erantzun zioten bi taldeek joan den zapatuko emanaldietan.

2020an disko berri bana plazaratu dute Liherrek –Hemen herensugeak daude– eta Cobrak –Fyre–, eta lan berriotan jasotakoak aurkezteko baliatu zuten Azpeitiko saioa. Ezohiko agerlekuan, ohikoa duten indarra erakutsi zuten bi taldeek beren zuzenekoetan.

Kulturazek Alberto Belokiren argazkiekin osatu duen bilduma osoa hemen dago ikusgai.