Koronabirusa Azpeitian

Sei kasu berri atzeman ditu Osasun Sailak Azpeitian

Anartz Izagirre 2020ko urr. 21a, 13:18

Eskualdeko ia herri guztietan zenbatu dituzte positibo berriak, eta Zumaian izan da igoerarik handiena. Gipuzkoan kasuen gorantz jarraitzen dute, eta 533,61eko intzidentzia tasa du uneotan. Azpeitian behera egin dute positiboek, baina 100.000 biztanleko positiboen intzidentzia tasa oso altua da: 1.169,05 da.

Azpeitian sei positibo atzeman zituen atzo, asteartea, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gauzatu zituen PCR probetan. Azken egunetako kopururik apalenetakoa da atzokoa; izan ere, herenegun baino zortzi pertsona gutxiagok eman zuten atzo positibo. Halere, 100.000 biztanleko 1.169,05eko intzidentzia tasa izaten jarraitzen du herriak, eskualdeko altuena, eta egoera, beraz, ez da samurra.

Egoerak txarra izaten jarraitzen du Urola Kostan: ia herri guztietan atzeman zituzten atzo, asteartea, koronabirus kasu berriak. Eskualdeko 11 herrietatik zortzitan atzeman zituzten atzo positiboak. Kasuen igoerarik handiena Zumaian izan da, hamasei positibo zenbatu baitzituzten han –herenegun bost izan ziren–, eta herri horrek 916,03ko intzidentzia tasa du uneotan. Azkoitian, berriz,  bi kasu detektatu dituzte, baina intzidentzia tasa oso altua da han ere: 1.075,99. Hain zuzen ere, Azpeitia, Azkoitia eta Zumaia dira semaforo gorrian dauden eskualdeko herriak. 

Gainontzeko herrietan honako positibo kopuru hauek atzeman zituzten PCR probetan atzo: Zarautzen sei, Errezilen lau, Getarian hiru, Zestoan bi eta Orion bakarra. Aian, Aizarnazabalen eta Beizaman, aldiz, ez dute kasurik atzeman.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 819 pertsonak –Gipuzkoan, 377k– eman zuten atzo positibo PCR probetan, herenegun baino 194 herritar gehiagok.  Hiru lurralde horietako intzidentzia tasarik altuena Gipuzkoak du, 100.000 biztanleko 533,61eko tasarekin. Horren harira, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek bilera telematikoa egin zuten atzo lurraldeko alkateekin, eta Markel Olano ahaldun nagusiak harreman sozialak “ahalik eta gehien” mugatzeko esatu zien gipuzkoarrei. 

Bestalde, erietxeetako gaixoen kopuruak ere goranzko joera du: 328 pertsona daude egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan; atzo 53 ospitaleratze berri izan ziren, herenegun baino zortzi gehiago. ZIUn, berriz, 59 pertsona daude oraindik.

Egoera kontuan hartuta, 5.000 biztanletik gorakoak diren eta 100.000 biztanleko 500dik gora positiboko tasa duten herrietan zer neurri hartu aztertzeko bilera egingo du bihar babes sozialerako Euskadiko planaren aholku batzordeak (LABI).