Edertasuna giro nahasi baterako

Juan Luis Romatet 2020ko urr. 21a, 09:54
Testura taldea atzoko emanaldian. (Juan Luis Romatet)

Atzo, asteartea, aurkezpen kontzertua eskaini zuen Testura laukoteak Dinamoa sormen gunean. Juan Luis Romatet kazetariak atzokoaren laburpena egin du.

Norbaitek esan dezake pandemiari lotutako ibilbidea duela Testura laukoteak. Joan zen martxoan aurkeztu behar zuen taldearen izena daraman Testura (Forbidden Colours, 2020) diskoa Azpeitian, baina koronabirusak eragindako itxialdiak bertan behera utzi zuen kontzertua. Atzo, zazpi hilabete geroago, birusa berriro bere aurpegi okerrena erakusten ari den honetan eman zuen taldeak bere lehen kontzertua, diskoaren aurkezpenekoa; bete egin zen Azpeitiko Dinamoan.

Dinamoan bertan gauzatutako sormen prozesu baten emaitza da Testura, eta leku horretan bertan erakutsi nahi izan dute lehenbizikoz publikoaren aurrean. Imajinazio pixka bat erabilita, pentsa daiteke pandemiak sortutako giro iluna islatzen duela Testurak bere musikarekin. Baina diskoa osatzen duten zazpi piezak sortu zituztenean, taldekideeek nekez pentsatuko zuketen etorkizun hurbil batean birus batek astinduko zuela gure gizartea, gure bizitza, gure izaera bera.

Taldekideen historialari so eginda –Willis Drummondeko eta Joseba Irazoki eta Lagunakeko bateria jotzailea da Felix Buff; Napoka Iriko sortzailea eta Anariren gitarrista Ander Mujika–, suma zitekeen gitarrak eta bateriak nagusituko zirela taldean. Ez da horrela izan, ordea. Johannes Buff soinu teknikariak eta Maialen Belaustegi artistak osatzen duen laukoteak ihes egin du rockarekin lotutako estruktura klasikoetatik. Anari Alberdiren hitzak dituen Fuji abestian bakarrik hurreratzen dira kantu formatu "klasikora", baina ez hainbeste. Topikoa izan badaiteke ere, abesti horrek duen gozotasun pozoitsuan David Lynchen Blue velvet maisulanaren irudiak etorri zitzaizkion hau idazten ari denari: pop abesti polita, zerutarra, baina bere atzealdean geruza ilun bat duena. Kontzertuko beste pasarte batzuek ere gogoratu zizkidaten zuzendari estatubatuarraren lanak: ilunak, kaltegarriak, Eraserheadeko protagonistak soto ilun batean entzungo zituen ambient doinuak, behar bada.

Izan ere, giroak, taldearen izena daramaten testurak, ehundurak, dira Testuraren diskoko protagonistak, eta hala eraman zituzten zuzenekora. Sintetizadoreen eta samplerren bidez, teknologia digitalaren eta analogikoaren bitartez, gitarraren erabilera bitxi batekin –punteoak baino feedbackak bilatu zituen Mujikak–, bihotz taupaden gainetik doazen soinu uhinak sortu zituen taldeak: amesgaiztoaren zurrunbilora hurreratzen zaituen korronte forman batzuetan, gozoki moduan besteetan (aurrez aipatutako Fuji). Hori guztia Belaustegik jantzi zuen, paperak, ura eta koloreak erabilita zuzenean sortutako irudiekin.

Kontzertu laburra bezain intentsoa eskaini zuen Testurak. Entzuleek txalo zaparrada luze batekin eskertu zuten. Izan ere, garai aztoragarri hauetan edertasuna behar da, edertasun hori, batzuetan, iluna bada ere.