'60 urte bidelagunak biltzen' kanpaina jarri du martxan Atzegik 60. urteurrenean

Andoni Elduaien 2020ko urr. 20a, 13:21
Agirre, Uria eta Alkorta, Basazabalen.

Talde bezala adimen desgaitasuna duten pertsonen alde lan egiten hasi zenetik 60 urte bete ditu Atzegik aurten. Bidelagunen profila eta horien lana azpimarratu dituzte kanpaina berriari hasiera emateko.

Gaur, asteartea, Atzegik kanpaina berria aurkeztu du Azpeitiko Basazabal jauregian. 60 urte bete dira aurten elkartea talde bezala adimen desgaitasuna duten pertsonen alde lan egiten hasi zenetik. Orain artekoa azpimarratuta, etorkizunean bidelagunek izango duten garrantziari indarra eman nahi izan diote kanpaina berriaren aurkezpenean Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Aloña Agirre Atzegiko koordinatzaileak eta Naroa Uria bidelagunak. Hain zuzen ere, '60 urte bidelagunak biltzen' izena jarri dio Atzegik aurtengo lemari.

Aurtengo ikasturte hasiera egungo egoeragatik “arraroa” dela esanez eta 60. urteurrenagatik “berezia” izango dela esanez hasi du hitzartea Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak. Hark nabarmendu du elkarteak “lan pila bat” egin duela azken urte hauetan. “Gizartea gero eta informatuago dago, eta beraz, sentsibilizatuago. Orain ere beharrezkoa da beste bultzada bat egitea, herriz herri inklusioaren alde lan egiteko”, esan du aurkezpenean. Halaber, udalak bidelagun izaten jarraituko duela adierazi du alkateak, “herri berdin eta inklusibo” baten aldeko apustua eginez.

Aloña Agirre Atzegiko koordinatzaileak 60. urteurrena izan du hizpide aurkezpeneko lehen hitzetan. “Uste genuen 2020. urtea ospakizun urtea izango zela, baina etorri den egoera ikusita, planak aldatu zaizkigu”, azaldu du Agirrek. Koordinatzaileak esan du kanpainarekin jarraitzea “argi” eduki dutela hasieratik, kanpaina "sentsibilizazio lana egiteko garrantzitsua" baita Atzegirentzat. Elkartearen hastapenetak ere azaldu ditu azpeitiarrak. “Duela 60 urte familia gutxi batzuk bildu zirenean Atzegi oso egoera txarrean sortu zen, ez zegoen ezer adimen desgaitasuna zuten pertsonentzat eta gizarteak zeharo baztertzen zituen. Horri aurre egiteko eta adimen desgaitasuna duten pertsonen alde lan egiteko, lanean hasi ziren; 60 urte luze hauetan gauza asko lortu dira, hala nola hezkuntza arloan, lan munbduan, aisialdian eta kalean”, adierazi du. Era berean, azpimarra egin du bidelagunen lanean. “Adimen desgaitasuna duten pertsonak eta bere senideak ez dira inoiz bakarrik egon, bidelagun asko egon dira bide horretan. Kanpaina honekin hori azpimarratu nahi dugu; oso garrantzitsua da bidelagun horiek gurekin egotea, bidelagun horiekin lortu baititugu erronka pila bat”, esan du Agirrek. Hala eta guztiz ere, Atzegik “aurrera” begiratu nahi duela azaldu du koordinatzaileak, oraindik ere “erronka eta amets asko” bete nahi dituztelako. Bide hori, orain arte bezala, "bidelagunekin" egin nahi dutela esan du.

Kanpaina berriko kartelaren inguruko azalpenak ere eman ditu segidan Agirrek. Hark azaldu du, adimen desgaitasuna duten pertsonak direla aurten ere protagonista nagusiak, baina inguruan bidelagunak dituztela, “talde bat eginez”. Hain zuzen ere, Naroa Uria azpeitiarra da kartelean ageri den bidelagunetako bat. Agirrek adierazi du kanpainari orain emango diotela hasiera, baina datorren urtearen bukaeran eman nahi diotela amaiera. Ordura bitartean 60 aste daude, eta Atzegiren egitekoetako bat zein den jakinarazi du Agirrek: “Gure asmoa da astero pertsona bat aurkeztea, besteak beste, adimen desgaitasuna duten pertsonak, senideak, boluntarioak edota bestelako bidelagunak. Pertsona bakoitzak bere esperientzia kontatuko du, bere lorpenak zein izan diren azalduz edota etorkizunera begira dituzten ametsak zein diren esanez”, aurreratu du.

Naroa Uriak ere parte hartu Basazabalen egindako aurkezpenean, eta azpeitiarra bidelagun “oso garrantzitsua” dela adierazi du Agirre koordinatzaileak. Uria Atzegiko senidea eta boluntarioa da, eta horrez gain, elkartearen eskualdeko batzordean parte hartzen du. Uriak bere esperientzia kontatu du Basazabalen: “Nik lau urte nituela jaio zen Lander nire anaia, down sindromearekin. Beste errealitate bat erakutsi dit, munduari beste begi batzuekin begiratzen eta gizartearekiko oraindik eta sentsibilizatuagoa izaten. Beste edozein arrebak egingo luken bezala, beti saiatu naiz nire anaiak bere nahiak eta bere ametsak bete ditzan”, hasi da Uria. Behar bereziak dituzten pertsonen zailtasunak zein diren adierazi du segidan. “Behar bereziak ez dituen pertsona batentzat aukeraketa soila izan daiteke igeriketan edo saskibaloian izena ematea edota udaletxean, kafetegian edota eskola batean lan egitea. Behar bereziak dituen pertsona batentzat, ordea, aukeraketa soil bat izateaz gain, oztopo edo zailtasunekin topo egiten duen borroka iraunkor bat da. Borroka asko egin dugu eta ezinezkoa ikusten zena lortzen ari gara. Nire anaia, adibidez, antzerkian eta igerian ibiltzen da, eta pandemia etorri aurretik kiroldegian praktikak egiten hasi zen”, adierazi du.

Horren harira, Uriak azaldu du duela hiru edo lau urte hasi zela Txolarten boluntario lanetan, eta ostiraletik igandera bitartean herriko ekintzetan parte hartzen saiatzen direla adimen urritasuna duten pertsonekin batera. “Denbora elkarrekin pasatzen dugu behar bereziak dituzten pertsonek eta boluntariook, ikusiz zeinen aberatsa izan daitekeen hori. Jendeak beti esaten du boluntarioek asko dutela beraiei laguntzeko eta emateko, baina nik errealitatea horren gertutik ikusita eta nire anaiaren ondoan txikitatik egon naizenez, baieztatu nezake beraiek ere pila bat dutela guri erakusteko”, eman du azalpena.

Uriak azpimarratu du ez dutela etsiko, eta “indarra” dutenez, gizarte inklusibo baten alde lanean jarraituko dutela. “Beraiek nahikoa zailtasun badituzte gizartean aurrera egiten edota beraien nahiak eta gustuak lortzen. Guk ez ditzagun zailtasun gehiago jarri, erraztu dezagun bidea. Horretarako, oso garrantzitsua da bidelagunak egotea, bakoitzak ahal edo nahi duen neurrian laguntzea”, esan du azalpenekin amaitzeko Uriak.