Agur, Txapu

Lagun-Artea eskuderia 2020ko urr. 19a, 12:02

Lagun-Artea eskuderiak honako gutun hau idatzi du, atzoko Urrakiko Igoeran hil zen Iñaki Irigoien gidariari eskainita.

Motorraren mundua triste dago, hain maitatua zen Iñaki Irigoien Txapu pilotuaren heriotza dela eta. Pertsona irekia eta bromazalea zen, edonori irribarrea ateratzea lortzen zuena. 50 urterekin, dibertimenduz eta pasioz aritzen zen pilotu lanetan, eta azken bi urteetako Nafarroako mendiko txapelduna zen. Euskal Herriko probetan izaten zen, lagunez inguraturik eta lasterketez gozatzen.

Gure kirola ulertzen ez duen pertsona asko daude. Horiek ez dute ulertzen nola jar ditzakegun gure bizitzak arriskuan, baina ez dakite guk ez dugula inolako arriskurik ikusten; gure bizitzeko modua da. Bizi dugun kirol horretan ez dago aurkaririk, lagunak baizik. Elkarri laguntzen diogu, eta denok arerio komun bat daukagu: erlojua. Tramoetatik kanpo familia bat gara, lagun baten galera tarteko umezurtz gelditu den familia bat.

Lagun-Artea eskuderiak eskerrak eman nahi ditu jasotako maitasun keinuengatik, eta horiek gu parte garen Irigoienen familiari eta lagunei helarazi nahi dizkiegu. Eskerrik asko, eman diguzun guztiagatik, ea betira arte Txapu!