Espainiako Itzulia dela eta, bihar hainbat aldaketa izango dira autobus zerbitzuetan

Andoni Elduaien 2020ko urr. 19a, 11:36

Trafikoan ez ezik, autobus zerbitzuetan ere eragina izango du bihar Azpeititik pasatuko den Espainiako Itzuliak. 14:45-14:55 inguruan igaroko da lasterketa herritik.

Txirrindularien Espainiako Vueltak Azpeititik igaroko da bihar, asteartea. Azpeititik 14:45-14:55 inguruan igaroko da lasterketa; Zestoatik etorri eta Azkoitirantz joango dira txirrindulariak. Probak hainbat ondorio eragingo ditu trafikoan. Horrenbestez, autobus zerbitzuetan ere izango dira aldaketak.

UK01 autobus zerbitzuan, Azkoitia eta Donostia artekoan, aldaketak izango dira. 11:45ean eta 12:15ean herritik abiatzen den autobusak geldialdi bakarra egingo du Donostian; hain zuzen, Donostiako geltokian bakarrik geratuko da. Azkoititik 13:45ean abiatzen den autobusa, berriz, ez da Azpeititik eta Zestoatik pasatuko. Gainera, Donostiatik 13:05ean eta 13:35ean irteten diren autobusek geldialdi bakarra egingo dute: hiri horretako geltokian. Horrez gain, Azkoititik 14:15ean eta 14:45ean ateratzen diren zerbitzuak bertan behera geldituko dira.

UK02 autobus linean ere aldaketak eragin ditu Espainiako Itzuliak. Azkoititik 14:10ean abiatu ohi den zerbitzua Landetako geltokitik abiatuko da bihar, 14:25ean. UK03 autobus lineari dagokion 14:05eko autobusa, berriz, ezeztatu egin du Lurraldebusek. 

UK05 autobus linean, Zestoa eta Ermua artekoan, hainbat aldaketa eragingo ditu Itzuliak. Ermutik 13:40ean irteten duen autobusa Azkoitiraino iritsiko da, hau da, ez da geldituko Azpeitian. Azpeititik 15:45ean abiatzen den autobusa, berriz, Elgoibarreraino iritsiko da; Eibarren ez du geldialdirik egingo. Eibartik 16:45ean abiatu ohi den autobusa, bestalde, Elgoibartik abiatuko da bihar, 17:03ean.

UK06 autobus linean –Zumaia eta Zumarraga artekoa– aldaketak iragarri ditu Lurraldebusek. Zumarragatik 13:10ean abiatzen den autobusa Azpeitiraino iritsiko da probaren eraginez, baina Zestoan eta Zumaian ez du geldialdirik egingo. Zumarragatik 14:10ean irteten den autobusa, aldiz, ezeztatu egin dute.