Gidari bat hil da Urrakiko XXXVIII. Igoeran

Anartz Izagirre 2020ko urr. 18a, 11:54
IƱaki Irigoienek gaur Urrakin estreinatu duen autoa.

Iñaki Irigoien gidaria da ezbeharrean hildakoa. Urrakiko XXXVIII. Igoeraren entrenamendu saioan hil da.

Ezbeharra gertatu da XXXVIII. Urrakiko Igoeraren entrenamendu saioan; izan ere, Ignauto Sport taldeko Iñaki Irigoien gidariak istripua izan du entrenamendu saioan, 10:30 aldera, eta hil egin da harrizko horma baten aurka jo ostean. Elosiaga auzora iritsi aurreko errepide zatian izan da ezbeharra, GI-3740 errepidean, eta antolatzaileek bertan behera utzi dute proba.

2006. urtean beste auto gidari bat hil zen Urrakiko Igoeran, Josu Ugarte leioaztarra. Lasterketan errepidetik irten eta zuhaitz bat jo eta momentuan hil zen.

2001ean, berriz, Urrakiko errepidean jokatzen zen II. Ikasberri Rallysprint proban Iñigo Uria eibartarra hil zen. Orduan, jaitsieran izan zen istripua.