Ostalaritzako edukiera erdira murriztuko dute eta elkarte gastronomikoetan ezingo da bildu

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan du COVID-19 birusa "azkar hedatzen" ari dela, eta hainbat neurri murriztaile hartzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak: besteak beste, alor pribatu zein publikoan gehienez sei pertsona elkartu ahalko dira; aktibitate guztietarako edukiera %50era murriztuko da; elkarte gastronomikoak eta txokoak itxita egongo dira; eta federatua ez den kirol lehiaketa oro bertan behera geldituko da.

Neurri murriztaile berriak ezarriko ditu Eusko Jaurlaritzak datozen egunetan, baldin eta Euskadiko Auzitegi Gorenak horiek berresten baditu. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu du Biziberri II planeko laugarren agertokian daudela une honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa pandemiari dagokionez, COVID-19aren transmisioa altua dela, eta aurreikuspena dela datozen egunetan hazten joatea kasu positiboen kopurua. "Gogorragoak izan beste erremediorik ez dugu", esan du. Horrez gain, nabarmendu du norbanako guztien esku dagoela pandemia kontrolpean egotea berriz, eta eskatu du ahalik gehien murrizteko aktibitate sozialak eta bilkurak.

Hartuko diren neurri denak ez ditu esan Sagarduik, baina haren esanetan, ondorengoak dira garrantzitsuenak: gehienez sei pertsona elkartu ahal izango dira alor publikoan zein pribatuan; edukiera %50era murriztu beharko dute era guztietako establezimendu eta ekintzek, hala nola ostalaritza sektoreak (terrazetan izan ezik), eta kultur nahiz erlijio ekitaldiek; ekitaldi handiei dagokienez, barruko ekitaldietan edukiera gehienez 400 pertsonakoa izango da, eta 600ekoa kanpokoetan; beranduenez gauerdian itxiko dira ostalaritza jarduerako lokalak; bertan behera geldituko da federatua ez den kirol lehiaketa oro; eta ezingo da elkartu txoko eta elkarte gastronomikoetan.

Epaileen oniritzia jaso eta Eusko Jaurlaritzaren buletin ofizialean argitaratu ondoren sartuko dira indarrean aipatutako murrizketak, eta Sagarduik jakinarazi du lehendik zeuden murrizketek ere indarrean jarraituko dutela.

Test azkarrak gaurtik aurrera

Bestalde, azaldu du Osasun sailburuak Osakidetzan zenbait alor indartu eta protokoloan aldaketa batzuk txertatu dituztela. Batetik, koronabirus kasu positiboen behaketa eta jarraipena egiten duten taldea 45 langile berrirekin indartuko dute, eta 375 pertsona ariko dira zainketa eta jarraipen lan horiek egiten. Bestetik, kasu positiboak azkarrago diagnostikatzeko helburuarekin, antigenoen test azkarrak erabiltzen hasiko dira gaur bertan, PCR testekin batera. Test azkar horiek batez ere lehen arretako zentroetan eta larrialdi zerbitzuetan erabiliko dituzte, eta horiei esker, positiboak are azkarrago isolatu ahal izango dira. Jakinarazi du, gainera, test horien eta PCRen emaitzak batera plazaratuko dituztela egunero ematen dituzten datuetan, bereizketarik egin gabe.

Protokoloan egingo duten aldaketei dagokienez, berrogeialdia eta isolamendu aldiak hamalau egunetik hamarrera murriztuko ditu Osakidetzak, eta berrogeialdiaren kasuan, bigarren PCR testa ez du hamargarren egunean egingo, zortzigarrenean baizik. Egun horiek murrizteko, betiere, kontuan hartuko dute zenbat egun daramatzaten koronabirusarekin bateragarriak diren sintomarik gabe.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide