Koronabirusa Azpeitian

Hamabi kasu positibo atzeman dituzte Azpeitian

Anartz Izagirre 2020ko urr. 17a, 16:24
Gaur egingo ditu Osakidetzak baheketa selektiboko azken probak. (Nerea Uranga)

Guztira hamabi pertsonak eman zuten positibo atzo, ostirala, PCR probetan, eta Osakidetzaren arabera, 1.002'99ko intzidentzia tasa du uneotan Azpeitiak. Bestalde, Hego Euskal Herrian gora egin dute positibo kopuruek, eta 1.382 zenbatu dituzte guztira.

Osakidetzak eman dituen datuen arabera, hamabi koronabirus kasu berri zenbatu dituzte herrian —herenegun 27 kasu hauteman zituzten—, eta eskualdeko beste herrietan honakoak izan dira datuak: Azkoitian hamazazpi, Zumaian hamar, Zestoan sei, Zarautzen lau eta Getarian bat. Azpeitian asintomatikoak detekatzeko baheketa selektiboa egiten hasi ziren ostegunean, eta gaur, larunbata, amaituko dituzte proba horiek. Azkoitiaren atzetik, Azpeitia da intzidentzia tasa altuena duen Gipuzkoako herria: 1002'99 da 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa (1042'62 koa da Azkoitian). Hain zuzen ere, bi herri horiek dira Gipuzkoan 1.000ko tasa igarotzen duten herri bakarrak.

COVID-19 gaitzaren hedapenak ez du etenik Hego Euskal Herrian ere, eta atzoko datuek positiboen goranzko joera baieztatu dute. Izan ere, Osakidetzak eta Osasunbideak eman dituzten datuen arabera, Hego Euskal Herrian 1.382 kasu pisitibo hauteman zituzten atzo, herenegun baino 31 kasu gehiago. Igoerarik handiena Gipuzkoan izan da, 430 kasu berri izan baitira lurralde horretan —herenegun 370 zenbatu zituzten—; hala eta guztiz ere, Nafarroak ditu oraindik lau lurraldeetako daturik okerrenak, 541 kasu zenbatu baitituzte bertan. Bizkaian eta Araban, aldiz, kasu gutxiago izan dira, 321 eta 84, hurrenez hurren. Horrez gain, lurralde horietatik kanpo bizi diren beste zortzi pertsonak ere positibo eman dute.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 10.867 PCR proba egin zituzten atzo, eta 58 pertsona ospitaleratu zituzten. ZIUn, berriz, 51 pertsona daude gaur gaurkoz hiru lurralde horietan. Nafarroan, aldiz, 3.358 PCR proba egin zituzten atzo, eta %16,1ekoa da lurralde historiko horretako positibitate tasa.

Azpeitian, semaforoa gorrian

Eusko Jaurlaritzak koloretako semaforoaren sistema jarri du martxan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri bakoitzeko egoera sailkatzeko COVID-19aren eraginaren aurrean. Semaforoak kolore berde, hori, laranja edo gorriarekin sailkatzen ditu 5.000 biztanletik gorako udalerriak, azken bi asteetan azaleratutako koronabirus kasu berrien arabera. Kolorea berdea izango da inzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 60 kasutik beherakoa denean; horia, 60-299 kasu artekoa denean; laranja 300-499 kasu artekoa denean; eta gorria, 500 kasukoa edo gehiagokoa denean.

Bada, aurreneko datuen arabera—atzokoak, ostirala—, Urola Kostako 5.000 biztanletik gorako udalerri guztiak daude semaforo horretan horiz, laranjaz edo gorriz margotuta: Azkoitia eta Azpeitia daude okerren, gorriaren eremuan; Zumaia laranjan; eta Orio eta Zarautz, berriz, horian.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zortzi udalerri jarri dituzte gorriz: Azkoitiaz eta Azpeitiaz gain, Astigarraga, Beasain, Elgoibar, Ordizia, Tolosa eta Zumarraga Gipuzkoan, eta Lekeitio eta Durango, berriz, Bizkaian.

San Martin egoitzako datuak

Bestalde, Nagore Alkorta alkateak bere Twitter kontuan azaldu duenez, San Martin egoitzan ere PCR probak egin dizkiete egoiliarrei zein langileei. Alkortaren arabera ez dute kasu positiborik hauteman egoitzan, eta hango langileei esker ona adierazi die txioan: "Benetan eskertzekoa da egunero-egunero bertako langileek egiten duten lana eta esfortzua adinekoak zaintzen eta babesten".