Bertan behera gelditu dira asteburuko hainbat kirol norgehiagoka, COVID-19a tarteko

Nerea Uranga 2020ko urr. 17a, 10:20

Saskibaloiko eta futboleko hainbat partida bertan behera utzi edota atzeratu egin dituzte COVID-19a dela eta. Tartean daude Iraurgi SBko, Lagun Onak futbol klubeko eta Ikasberri kirol elkarteko hainbat talde.

Asteburu honetan jokatzekoak ziren hainbat saskibaloiko eta futboleko partida bertan behera utzi dituzte edota atzeratu.

Emakumeen saskibaloiko Espainiako Bigarren Mailako Azkoitia-Azpeitia ISBk bi norgehiagoka jokatu behar zituen asteburu honetan, Azkoitiko kiroldegian. Biak ala biak bertan behera utzi dituzte. Klubak sare sozialetan eman zuen horren berri atzo. "Jakitun ginen eta gara aurtengo urtea horrela izango dela, eta bai, hasi gara, eta hasiera besterik ez da. Asteburu honetan Azkoitia Azpeitia ISB taldeak bi partida zituen, bat Avilesen aurka larunbatean eta bestea Barakaldoren aurka igandean. Ba bi partidak COVID-19a dela eta, atzeratuta", azaldu zuten.

Futboleko hainbat jardunaldi ere bertan behera gelditu dira. Lagun Onak futbol klubeko gizonezkoen Espainiako Hirugarren Mailako taldeak lagunarteko azken partida jokatu behar zuen Mondragonen aurka gaur, larunbata, 16:30ean, Garmendipen. Baina bertan behera utzi dute. Jubenilen Ohorezko Mailako Lagun Onaken eta Anaitasunaren aurkako norgehiagoka, berriz, atzeratu egin dute. Azkoitian, San Juan futbol zelaian jokatu behar zuten partida hori.

Gizonezkoen Gorengoen Mailako Urkiren eta Ikasberriren arteko norgehiagoka ere atzeratu egin dute. Ikasberrik Eibarren jokatu behar zuen partida.